Boluntario elkarteek kalera atera dute euren lana Ordizian
Urtean zehar musutruk eta boluntario moduan egiten duten lana kalera atera dute hainbat elkartek gaur, Ordizian egin duten Boluntario Azokan. Gizarteko arlo ezberdinetan jarduten duten elkarteak bildu dira, bakoitza bere stand edo txokoan. Emakumeen arloan lan egiten dutenak, etorkinen integrazioa lantzen dutenak, bazterketa soziala bizi dutenak laguntzen dituzten taldeak… Denetarik ikusi ahal izan da plaza nagusian bildu diren 17 elkarteen postuetan.
Goizean egin dute aurreneko txanda, baina arratsaldean zehar ere han izango dira elkarteetako kideak, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Elkarteen erakusmahaiez gain, umeentzako tailerrak eta DYAkoek edota Babes Zibilekoek egindako simulazioak ere izan dira. Azoka honen helburua, elkarte hauek urtean zehar egiten duten lana gizarteratzea eta aitortzea dela azaldu dute antolatzaileek. Era berean, esperientziak trukatzeko eta gizartean gai horien inguruko kontzientzia pizteko ere balio duela uste dute.
Azokan parte hartzen duten elkarteen artean daude Alkoholiko Anonimoak, Afagi, Caritas, Gurutze Gorria, DYA, Odol Emaileen Elkartea, Katxalin, Nagusilan, Ordiziako Babes Zibila, Zuhaizti, Jubilatuen Zentroa, Kimetz emakume elkartea, Banku Etikoa, Ordizia Kolore, Maitia Fundazioa, Nazioarteko Elkartasuna eta Bakerako Lankidetza Batzarra.