Lazkaoko presoen aldeko taldeak zortzigarren urtez antolatu du Elkartasun Eguna. Atzoko ekitaldiaren ondoren, eguerdi partean hasi dira gaurko ekintzak. Aurrena, Lazkaoko eta Arbizuko taldeen arteko herri kirol jaialdia egin dute. Txandakako proba bizia izan da; aizkoran, trontzerran, oskoletan, txingatan eta korrika aritu dira, besteak beste. Bi taldeak parekatuta aritu badira ere, azkenean Lazkaokoak izan dira azkarrenak. Herri kirol saioaren ondoren, Lazkaoko presoen senideei omenaldia egin diete, dantzarien agurrarekin eta lore sorta banarekin.
Urretxu eta Zumarragako Errkaren Lagunak taldeak deituta, berrogei bat lagun bildu dira gaurko antolatu duten Erreka Egunean. Areizaga-Kalebarren plazan bildu dira, eta taldetan banatuta, bi herrietako puntu ezberdinetara joan dira, denen artean, Urola erreka garbitzeko asmoz. Antolatzaileek azaldu dutenez, "herrian errekaren inguruko errespetua zabaltzea" da ekimen honen helburua.