
Txikiak elkartuta egiten omen dira handi. Goiburu hori oinarritzat hartuta, Zeraingo eta Mutiloako herritarrek bi herrien arteko indarrak batu eta elkarlana bultzatzeko topaketa egiten ari dira. Bi herrien erdibidean dagoen Oiharte sagardotegiko aretoan bildu dira 40 bat herritar, eta denen artean, elkarlan hori bultzatzeko moduak aztertu dituzte. Ondorioetako bat, bi herriek dituzten baliabideak elkarbanatu egin behar dituztela da.
Lehendik harreman hori bilatua baino gehiago naturala izan da bi herrien artean. Azken urteetan bi kaskoen artean zabaldutako errepideak, ordea, harreman hori estutzea ekarri du. Orain arte, medikua, idazkaria eta gizarte-laguntzailea elkarbanatzen dituzte. Baina bide beretik jarraituta, gauza gehiagotan ere elkarlan hori sustatzea da herritarren asmoa.
Goizean zehar, elkarrekin gosaldu eta gero, landu beharreko gai nagusiak proposatu eta haien inguruan ideiak eta iritziak botatzeko aukera izan dute han bildutakoek. Lehen bilera txandaren ondoren, bazkaria egin dute. Eta arratsaldeko 16:00etatik aurrera, azken solasaldia ari dira egiten. Ateratako ondorioekin, txosten bat osatuko dute gero.