
Igor Elortza bizkaitarrak irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren kanporaketa, eta zuzenean sailkatu da bigarren faserako. Legazpiko Urbeltz pilotalekua bertsozalez bete da -700 lagun guztira- gaurko hitzordurako; sarrera guztiak agortuta ziren aurretik. Bertsolari batetik bestera alde dezente egon bada ere, maila handiko zenbait bertso entzuteko aukera izan dute han bildutakoek.
Igor Elortzak orain arteko kanporaketetako hirugarren puntuaziorik onena lortu du, Agin Labururen eta Beñat Gaztelumendiren atzetik; 679 puntu batu ditu bizkaitarrak. Haren atzetik gelditu dira Beñat Lizaso (643 puntu) eta Jokin Uranga (637). Azken txapelketako puntuazioak kontuan izanda, sailkatzeko mugan behar du Iñigo Mantzisidor
Mantxik, 632,5 punturekin. Aukerarik gabe gelditu dira Ainhoa Agirreazaldegi (600,5) eta Oihana Bartra (587).
Bertsolari Txapelketako lehen fasea bukatzeko saio bakarra falta da dagoeneko. Oionen izango da, hilaren 26an. Bertan ariko dira Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre eta Miren Amuriza.