
ELA eta LAB sindikatuek Euskal Herriko eskubide sozialen karta egitasmoa aurkeztu die Urretxun Goierri garaiko herritarrei, eragile ezberdinei eta askotariko talde eta erakundeei. Bailaraz bailara herritarren ekarpenak jaso eta guztien artean Euskal Herri mailako eskubide sozialen eskutitz bat osatzea da egitasmoaren helburu nagusia. Izaro Mujika eta Jon Loinaz ELA eta LAB sindikatuetako ordezkarien esan dutenez, «gure ekonomia herritarren zerbitzura jarri eta guztientzako bizi baldintza duinak» bermatzeko.
Gauzak «beste modu batera egin daitezkeela eta egin behar direla» uste dutelako beharrezkoa da egitasmo hau. Izan ere sindikatuen eta egitasmo hau babesten duten beste eragile sozial batzuen ustez «ezinezkoa da, gizartea pobretzearen truke, edozein jarduera ekonomikoren azken arrazoia norbait aberastea izan».
Bilera informatiboak
Hala, Euskal Herriko mugimendu sozial eta sindikalen batzar nazionala osatzen duten erakundeek bere egin dute gizarte eskubideen karta adosteko erantzukizuna, bi helburu lortzeko: «Batetik, ekonomia eta baliabideak euskal herritarren zerbitzura jartzeko, eta bestetik, pertsona guztiek bizi baldintza duinak eskura izateko».
Karta osatzen joateko bi deialdi egin dituzte datorren asterako Goierri garaian. Abenduaren 3an eta 5ean izango dira Urretxun eta Legazpin, hurrenez hurren. Bi kasuetan kultur etxean, 18:00etan hasita.