Beasaingo Ernaik Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, ekintzak egin ditu
Beasaingo Ernai gazte antolakundeak pasa den ostegunean izan zen Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekintza egin zituen, eta honako oharra bidali du, beraien iritzia helaraziz:
Euskal Memoria Fundazioak 2012an argitara atera zuenez, azken mende erdian 9.600 tortura kasu baina gehiago izan dira Euskal Herrian. Basakeria hau jasandakoek argi zioten: “Oso latza izan da”. Frankismo garaian zein erregimenak mozorro “demokratikoa” jantzi ondotik, txapel gris, berde zein gorrien esku, milaka euskal herritarrek ezagutu dituzte gertutik praktika zikoitzen testigu izan diren gela ilunak. Eraso sexistak, plastiko poltsak, elektrodoak… denetarik izan dute lanabes indar polizialek beraien xedeak erdieste aldera. Lagunak salatzea, autoinkulpazioak… eta azken buruan, atxilo eroritako militante independentistak fisikoki zein psikologikoki txiki txiki egitea. Batek baino gehiagok aipatu izan du 5 eguneko inkomunikazio aldiko infernua amaitu eta zer nolako lasaitua hartu izan duten ziega hotzera joatean. Kanpoan daudenengan beldurra hedatzeko ere balio izan du.
Ez dira beraz beraien mendeku gosea ase nahi duten txakur amorratuek egindako gehiegikeria polizialak. Torturatzaileak Estatuaren funtzionario profesionalak izan dira, GAL, Batallon Vasco Español eta gisako zenbait indar paramilitar lez, helburu politiko baten baitan jardun baitira. Estatu arrazoia gailenduarazi nahi izan dute, euskaldunon eskubide nazional eta sozialen kontra noski. Beraien erregimenaren fundamentuak – botere militarrean funtsatutako Espainiaren banandu ezintasuna, erlijio katolikoaren gailentasuna zein elite ekonomiko eta enpresarialaren agintea- ezbaian jartzen duen oro zapaldu nahi izan dute, erregimen monarkikoak aldaketarik jasan ez dezan. Ilegalizazio, gerra zikin, atxiloketa, salbuespen neurri… eta errepresioaren isla diren beste hainbat trikimailuetan bat gehiago da torturarena, disidentzia suntsituz egungo egoerari eusteko helburu politikoarekin.
Herriaren zaintzaz arduratu beharko litzatekeen Ertzaintza ere txapel beraren pean sartu dugu ikus dezakezuenez. Ertzaintzaren esku hamaika izan baitira tortura jasandakoak. Ez dezagun ahantzi orain gutxi herri harresian Ertzaintzak berak atxilotutako Urtza Alkorta ondarruarra polizia autonomikoaren eskuetan autoinkulpatu zela. Bere burua erruduntzat jotzearen ondorioz etxetik ehundaka kilometrora urteak egingo zituenaren jakitun, “borondatez” autoinkupatu ere! Polizia Nazional eta Guardia Zibilen jarduna aski ezaguna dugu.
Sinestezina badirudi ere, horixe da erregimenaren aliatu diren hedabideek lau haizetara barreiatutako hipotesia. Torturen salaketa aurrez diseinatutako estrategia ei zen. Norbaitek sinets dezake nor edo nork bere burua zein lagunak salatu ditzakeela borondate propioz, horrek ekar diezazkiokeen ondorio lazgarriak kontutan izanda? Zergatik ez dute kamera xixtrin baten bidez inkomunikazio aldia grabatzen? Zeri diote beldur? Erantzuna begi bistakoa da. Ez dezagun ahaztu tortura ahalbidetzeko mekanismoek bere horretan jarraitzen dutela. Zoritxarrez, ez da iraganeko kontua.
Errealitate krudel hori salatzeko egin dugu gaurkoan ekimena, hiru tortura testigantza zabalduz. Ez dago atzeari so egin gabe aurrera egiterik. Bakearen bidean, torturaren kapituloa behin betiko itxi eta berau jasan dutenei dagokien aitortza eta erreparazioa egiteko garaia da.
Beasaingo kaleetan egin zituzten hiru tortura testigantza horien argazkiak, hemen: