Goya sarietarako bi izendapen ditu Goenaga eta Garañoren filmak. Orain arte lortutakoaz «harro» daudela diote zuzendariek.
@loreakfilm
Donostiako Zinemaldian aurkeztu zutenetik, arrakasta nabarmena izaten ari da Loreak filma nazioartean. Jaialdiz jaialdi, izendapenak, tituluak eta sariak pilatzen ari dira. Larunbat honetan egingo da Madrilen Goya sarietan banaketa ekitaldia. Film onenaren sarirako izendatua dago Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak; baita, soinu bandarik onenaren sarirako ere Pascal Gaigne euskal konpositoreak egindako lanagatik.
Film onenen artean lehiatuko dira Alberto Rodriguezen La isla mínima eta Daniel Monzonen El Niño. Saria eramatea zail ikusten dute zuzendariek baina horra iristea «sari handia» izan dela diote.
Lore sortak aitzaki hartuta, norbaiten galerak aztarna utzi dien hiru emakumek topo egiten dute istorio honetan. Batek astero jasotzen ditu loreak, baina ez dakit nork bidaltzen dizkion; besteak jakinmin izugarria du bere senarra hil zen bihurgunean loreak nork jartzen dituen jakiteko; haren amak, berriz, gogoratzea beharrezko du. Loreek astinduko dute hiruen bizitza.
Ikusleengandik jasotako kritika on eta harrera ezinhobeaz gain, Signis sarian aipamen berezia jaso zuten Donostiako Zinemaldian; han aurkeztu zuten filma lehenbizikoz.
Handik aurrera jaialdi ugaritan izan dira. Hegoamerikako eta Espainiako filme onena saritzen duten Palm Springs Film Festival (Kalifornia, EEBB) jaialdian, esate baterako, Latino Award saria jaso zuten. Baita Sant Jordi saria ere, Kataluniako hedabideetako hainbat kazetari eta kritikari epaimahai dituena. Apirilaren 13an emango diete garaikurra zuzendariei Bartzelonan.
Emakumezko aktore onenen lehen saria jaso zuten Nagore Aranburu, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuruk Latin Beat Japan jaialdian. Itziar Aizpuruk birritan errepikatu du saria. Espainiako zinema munduko hedabideek antolatutako Feroz sarietan bigarren mailako aktorerik onenaren saria jaso zuen, Idazle Zinematografikoen Elkarteak banatzen dituen sarietan ere bai.
Zinemagintzan euskara ez dela muga erakutsi du
Goya sarietako pelikularik onenetan finalisten artean sartu den lehen euskarazko filma da Loreak. Euskara zinemagintzan muga ez dela erakutsi dute. Aurretik ere bazuten esperientzia 80 Egunean filmarekin ehun bat festibaletara joan zirelako. «Atzerrian jatorrizko bertsioak behar dituzte eta euskara ez da muga. Madrildik galdetu izan digute ea euskarak filmaren bide komertziala murriztuko duen, Espainian murriztuko du, agian. Toki batzuetan ez dakite euskara zer den, beste batzuetan hilda dagoela uste dute. Guretzat polita da euskarak hiztunak dituela atzerrian azaltzea, euskara ezagutzera ematea eta bizirik dagoela erakustea», dio Jose Mari Goenaga zuzendariak.
Aurrez 80 egunean filma egin zuten elkarrekin Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) eta Jon Garañok. Lan berri honetan «errealizazioan salto bat ematea» adostu zutela aitortu zuen Goenagak Goiberri aldizkarian egindako elkarrizketan; «hau da, gidoian zegoena irudien zein soinuaren bitartez indartzea».
Egileen aurreikuspen guztiak gaindituta, harrena ona izaten ari da filma eta zuzendariak «harro» dauela diote lortutakoaz. «Ez da publiko osorako filma bat, baina mota honetako filmekin ohituta ez daudenek ere ikusi dute; neurri handi batean banatzaileen lan onari esker», zioen Goenagak.