«Gaixoturiko gizartearen zein gorputzaren arteko hibridazioa da liburua»
Lierni Azkargorta lazkaotar idazle zaletuak (Lazkao, 1979) ‘Anatomia bertikalak’ poema-liburu berria aurkeztu zuen iragan astean Donostian. Bigarren liburua da honakoa, eta literatura sari ugari jaso ditu.

Nondik datorkizu idazle zaletasuna?
Jaunartzean oparitutako egunerokoan hasi nintzen idazten, eta hor bertan daukat jasorik, nire lehen ipuina ere, elur maluten inguruan idatzitakoa. Nire aurreneko poema ere gogoan daukat, etxerako lan gisa idatzi behar izan nuen erderazko poema, hain justu, Sevillako erreka baten ertzean abandonaturiko aulki baten ingurukoa. Irakasleari gustatu egin zitzaion antza, eta ozen errezitatu zuen gelan. Haurra nintzenetik hasi nintzela esango nuke, eta oraindik ere sentitzen dut idazteak nigan sortzen duen zera berezi hori.
Barru-barruan daramazu, beraz.
Bai, barruan sentitzen dut poesia, eta aldi berean, leku guztietan sentitzen dut. Maiz bizitzak heriotzatik gehiago du bizitzatik baino. Baina baita alderantziz ere; susmoa daukat heriotzak gehiago duela benetako bizitzatik, guk, gizaki bezala, ulertzen dugun heriotzatik baino. Nire kasuan, esango nuke, bizitzen ikasi behar horrek sortzen didan ezinegonean, eta baita bakardadean ere, topatu dudan ihesbidea dela.
Zuri buruzko poemak idazten dituzu?
Esperientzia da nire inspirazio iturri nagusia. Esperientzia onak ala txarrak izan, guztiei, bere horretan behar adina denbora uzi behar zaielakoan nago; eta noizbait, itxaron luzean egon den esperientzia hori, poema munduan hitzik egokienak ordena egokienean jantzirik dituela, barrutik kanpora indarrez irtengo dela espero izan.
Nire ustez, poesiak zintzotasuna eta ausardia izan behar du, eta egiara ahalik eta gehien hurbildu, batere mozorrorik gabe. Maitasunaren antzekoa da poesia; «benetakoa» topatzea asko kostatzen den arren, behin topatuz gero, zu zaren egiazko hori, bete-betean eta esku zabalik, onartu eta jasoko zaituen etxea da.
Zer kontatu nahi izan duzu Anatomia bertikalak liburuan?
Liburuak gaixotasuna eta minaren zentzua bilatzen ditu. Kanpoaldea eta barrualdea; minari lekurik egiten ez dion gizartea, hain bertikala, eta mina duen gizabanakoaren arteko talka jaso nahi izan ditut. Horretarako, gaixoturiko gizartea eta gaixoturiko gorputza bata bestearen gainean jarri, eta hibridazio moduko bat egin dut, eta poemak, urbanismo organiko batean teilakatu. Iluna eta argia da aldi berean.
«Barruan sentitzen dut poesia, eta aldi berean, leku guztietan sentitzen dut»
Hortik atera zenuen liburuaren izenburua.
Hasieran lanak beste izenburu bat zuen, baina barrutik banekien ez zela poema bilduma honi zegokiona. Gizakiaren kaxa torazikoan barrurantz egiten du liburuak, baina kanpoaldearen, eta hain justu, gizartearen horma bertikalak ditu tartean. Hori horrela, derrepentean etorri zitzaidan: Anatomia bertikalak. Unean jakin nuen izenburu egokiarekin topo egin nuela, neurrira doakiona.
2021ean argitaratu zenuen aurreneko liburua, Eripoemia. Denbora igaro da ordutik.
Gorabehera handiak izan ditut urte hauetan. Osasun arazoei dagokionean traba ugari izan ditut, eta irakurtzeko eta idazteko ere zailtasun handiak izan ditut azkenengo bost urte eta hiru hilabeteetan. Hala, liburu hau 2021ean egindako poema bilduma bateko poemez osaturik dago. Moldatze momentuan, urte horretako bertako beste poema pare bat sartu nituen, eta badira, aldi berean, beste hiru edo lau berriagoak direnak; nire gaixotasunaren egungo egoera eta ikuspuntutik eginikoak.
Neronek egindako bi ilustrazio ere jasotzen ditu liburuak.
Zer moduz joan zen Donostian egindako aurkezpena?
Gaixotasuna dela eta zaila neukan aurkezpenera agertzea ere, baina gorputzak erdi-tregoa modukoa eskaini eta bertaratu nintzen. Horrekin bakarrik sekulako alaitasuna sentitzeko arrazoia dut. Felipe Juaristik egin zuen aurkezpenaren sarrera, eta ezin nezake sarrera eder, sakon eta hunkigarriagorik imajinatu: liburuan dauden zenbait bertso-lerro hartu, eta autore desberdinen erreferentziekin era berezian loturak sortu zituen.
Nik, berriz, perlarik ederrenaren bila munduan barrena ibili zen merkatariaren parabolaz jardun nuen, zera azaltzeko: perla bat sortzeko ostrak gaixotu egin behar duela, eta geroz eta gaixotasun luzeagoa eta gogorragoa jasan, orduan eta perla handi eta ederragoa sortuko duela.