Azken hamarkadetan siderometalurgia izan da Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko industriaren oinarri nagusia. Beti ez da horrela izan, ordea. Herri horietako industria eredua oso ...
Azken hamarkadetan siderometalurgia izan da Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko industriaren oinarri nagusia. Beti ez da horrela izan, ordea. Herri horietako industria eredua oso dibersifikatua zen XX. mendearen hasieran: kotoia, likoreak, saskiak… ekoizten zituzten. Ikerlarien ustez, 36ko gerrak eragina izan zuen Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko industriaren espezializazioan. Izan ere, 36ko gerran frankisten esku geratu ziren bertako fabrikak, eta gerrarako materiala ekoitzi behar izan zuten 1939ra bitartean.
1936ko irailerako frankisten esku zeuden Urretxu, Zumarraga eta Legazpi, eta segituan militarizatu zituzten bertako fabrikak. Gerraren zerbitzurako lan egin behar izan zuten hainbat enpresek. Urretxun, Sarralde, Irimo, Alkorta eta Ugalde militarizatu zituzten. Legazpin, berriz, Patricio Echeverria.
IOHLEE Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak ikerketa sakona egin du gerra garaian militarizatutako enpresen inguruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak memoria historikoa berreskuratzeko emandako diru laguntzarekin. Ikerketa horretan jaso dutenez, frankistek ez zuten industrian inbertsiorik egin, eta makina egokienak zituzten fabrikak bilatzen zituzten beren ekoizpenerako. Fabrikek makinak eta langileak jarri behar izaten zituzten militarren zerbitzura.
Gerra ekoizpenerako estrategikoak ziren sektoreetako fabrika gehienak Deba Garaian eta Urola Garaian zeuden garai hartan Gipuzkoan. Legazpin burdingintzarako azpiegitura egokiak zeuden, eta Urretxun eta Zumarragan metalgintzako transformaziorako azpiegitura aproposak.
Bonbak eta kaskoak
Beste hainbat gauzaren artean, abiaziorako bonbak ekoizten zituzten Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko fabriketan. Ikerketak nabarmendu duenez, elkarlanean egiten zituzten bonbak, lantegi bakoitzak zuen espezializazioaren arabera. Patricio Etxeberrian txapa egiten zuten, Irimon ojibak, Sarralden bonben kanpoko aldea, eta Jaca Hermanosen margotu egiten zituzten. Soldaketak egiteko, berriz, Balmasedako (Bizkaia) Fabio Murga lantegiko langileak ekarri zituzten.
Bestalde, Patricio Etxeberria lantegian militarrentzako kaskoak ere egiten zituzten, horretarako teknologia egokia zutelako. Legazpiko lantegian, ordea, prozesuaren zati bat baino ez zen egiten. Ondoren, Bizkaiko Firestone fabrikan ematen zitzaien forma kaskoei. Urretxuko Ugalde kotoi fabrikan, berriz, soldaduentzako mantak eta arropa egiten zirela pentsatzen da.
IOHLEE elkarteak garai hartako dokumentuak bildu ditu eta lekukotzak ere jaso ditu ahal izan duen neurrian. Ondorioztatu dutenez, bi langile mota izaten ziren fabrika militarizatu haietan. Jaka fabrikakoak, esaterako, gudari presoak ziren, frankistentzat lan egitera behartuak. Patricio Etxeberriakoak, berriz, langile militarizatuak ziren. Hauek bereizgarri bat izaten zuten jakan, eta baimen bereziak izaten zituzten. Etxeratze agindua zegoenean, adibidez, kalean ibiltzeko baimena izaten zuten.
Galera ekonomikoak
Hortaz, dagoeneko fabriketan zegoen makinariaren eta lantegien arteko elkarlana aprobetxatu zuten frankistek gerrarako materiala ekoizteko. Urte haietan ez zuten makinaria hori berritzeko inbertsiorik egin. Alderantziz: fabrika haietako produkzioa ikaragarri igo zen, eta makinariak erabat hondatuta amaitu zuen. Izan ere, militarren esku geratu ziren lantegiek aldi berean ekoitzi behar izan zituzten gerrarako hornigaiak eta merkaturako produktuak, horien ekoizpena ez baitzen inoiz gelditu.
Bi langile mota izaten ziren orokorrean:
gudari presoak eta langile militarizatuak
Patricio Etxeberriak etekin handiak lortu zituen
gerran, eta fabrika handitu ahal izan zuen
Ikerketak adierazten duenez, 1936tik 1939ra gerrarako materiala ekoizteari eman behar izan zioten lehentasuna fabrikek, horren ondorioz izan zitzaketen galerak kontuan hartu gabe. Etenik gabeko ekoizpenari aurre egiteko, Gipuzkoako enpresek makinaria zein eraikinak zabaltzeko inbertsioak egin behar izan zituzten. Neurriz kanpoko ahalegin horrek ondorioak izan zituen ondorengo hamarkadan, eta 50eko hamarkada arte fabrika gehienek ezin izan zioten egoera ekonomikoari buelta eman.
Batzuen etekinak
Ez zen hori izan, ordea, fabrika guztien kasua. Patricio Etxeberriak, esaterako, etekin handiak lortu zituen gerra produkzioari esker. Etekin horiekin fabrika handitu ahal izan zuen 1939an, pabiloi berriak eraikita. Luis Astiazaran arkitektoak eraiki zituen Patricio Etxeberriarentzako pabiloi berriak. Urte berean, Legazpiko lehenengo langile auzoa eraiki zuen Patricio Etxeberriak. IOHLEE elkartearen arabera, garai hartarako oso etxe onak eraiki zituen, bainugela eta guzti, langileak erakartzeko helburuarekin.
Gerra garaian, gainera, prozesu industrial berriak ikasteko aukera izan zuten, eta gerra amaitutakoan produkzioa handitzen lagundu zien horrek. Gerrako produkzioak, hortaz, ez zien era berdinean eragin Gipuzkoako enpresa guztiei: batzuei galera ekonomikoak eragin zizkien bitartean, etekin gehiago ateratzeko bidea izan zen besteentzat.
Gipuzkoa, erabakigarria
IOHLEE elkartearen arabera, matxinoek Bizkaia eta Gipuzkoa hartu izanak «berebiziko» garrantzia izan zuen gerraren bilakaeran. «Gipuzkoa haien mende erortzeak, eta beraz, Gipuzkoako siderometalurgia, papergintza eta ehungintza arloetako industrien kontrola eskuratzeak, gerrarako material eta ezagutza kopuru itzelak ipini zituen matxinoen armadaren zerbitzuan, eta hori guztia erabakigarria izan zen ondoren gerrak eraman zuen bidea eraman zezan», azaldu du elkarteak ikerketan.