«Badirudi etorkizunean gure herrialdeak gero eta hiritarragoak izango direla»
Hirigintzak osasunean nola eragiten duen ikertzen du Aseginolazak, eta berdeguneen presentzia indartu behar dela esan du: «Etxetik gertu aire zabaleko gune berde bat izatea oso garrantzitsua da osasunerako».

Gizarte baldintzek eta hirigintzak osasuna baldintzatzen dute. Horrela adierazi du Izaskun Aseginolaza Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Saileko ikertzaile eta irakasleak (Legazpi, Gipuzkoa, 1976). Osasuna, hiria eta hirigintza hitzaldia eman zuen ekainaren 11n,19:00etan, Bilboko Bidebarrieta liburutegian, eta osasunaren eta hirigintzaren artean izan den harremana errepasatu zuen: erromatar hirietan zeuden akueduktuetatik, gaur egun arte. Hala ere, ikerlariak hitzaldian azaldu zuenez, mugarri nabarmen bat gertatu zen: Industria Iraultza. Orduan sortu zen hirigintza, hiri ingurunea planifikatzera eta hobetzera bideratutako diziplina gisa. Hitzaldia EHUko Kultura Zientifikoko Katedraketa Bidebarrieta Liburutegiakantolatu dute, Bilboko Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan.
Noiz sortu zen hirigintzaren eta osasunaren arteko harremana?
Historiari behatuz gero, bien arteko harremana betidanik egon dela antzeman dezakegu. Erromatarren garaian zeuden kokalekuetan, ura izatea abantaila zen, eta ubideak egiten zituzten edo bainuak zituzten etxean, besteak beste. Lehen, herriak txikiagoak ziren, noski, eta gaur egungo hiriak handiagoak dira. Jendea pilatuz doan heinean, osasunaren eta hiriaren arteko harremana gehiago nabarmentzen da.
Zer-nolako eragina du jende pilaketak osasunean?
Krisi larriak sortzen dira horren ondorioz, batez ere kontuan hartuz XI. mendera arte hirigintza ez genuela diziplina gisa hartzen; hiriak naturaltasunez hazten ziren, poliki-poliki, eta halakoetan jendea pilatu egiten zen. Etxeak bata bestearen ondoan egiten ziren ordena jakin bati jarraitu gabe, kontuan hartu gabe etxe bakoitzak zer ezaugarri izan behar dituen. Orduan sortzen ziren jende pilaketa horiek, eta horren ondorioz zikinkeria hedatzen zen, eta horrek arazoak ekartzen zituen.
Industria Iraultza aipatzen duzu mugarri gisa. Zer-nolako eragina izan zuen hirigintzan?
Herritar guztiak hasi ziren denak aldi berean hirietara joaten, lan bila. Orduan denak hirian elkartu ziren, hiriak hazi egin ziren, eta arazoa nabarmen handitu zen. Gustave Dore garai hartako ilustratzaile bat zen, eta, egin zituen grabatu batzuetan, aipatutako jende pilaketak ikus daitezke, kale zikinak, estuak eta ilunak. Ikusten da ez zirela osasuntsuak, eta ez zirela pertsonentzat egokiak.
Egoera hobetzeko saiakerak egin al zituzten?
Bai. Garai hartan, administrazio batzuek zenbait araudi bultzatu zituzten, osasun publikoarekin lotura dutenak: nola eraiki behar diren etxeak, edo etxeek zer gutxieneko ezaugarri izan behar dituzten, esate baterako. Enpresari batzuek, are, ekimen pribatuz zenbait auzo egin zituzten langileentzat, konturatu zirelako hobeto lan egiten zutela etxebizitza eta inguru egokiak bazituzten. Hiriek nola hazi behar zuten erabakitzeko, irizpide askotarikoak zeuden, eta ideia askotarikoak jarri zituzten mahai gainean garai hartako pentsalariek.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.