Denera boto gehien EH Bilduk lortu arren, herri handietan EAJ da garaile
Alderdi jeltzalea Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian eta Urretxun bozkatuena izan da. EH Bilduk sei alkatetza izango ditu. Zumarragan PSE-EE igo egin da. Ordizia Orain, giltzaAurreikusitako indar orekatzea gertatu da Goierrin bi alderdi nagusienen ...
Alderdi jeltzalea Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian eta Urretxun bozkatuena izan da. EH Bilduk sei alkatetza izango ditu. Zumarragan PSE-EE igo egin da. Ordizia Orain, giltza
Aurreikusitako indar orekatzea gertatu da Goierrin bi alderdi nagusienen artean. EH Bilduk lortu ditu denera boto gehien (11.992), baina herri hazienetan lehen indarraren boterea galdu du. EAJren mesedetan; Zumarragan izan ezik —han PSE-EEk nagusitasuna handitu du— eskualdeko sei herri handienetatik bostetan irabazi dute jeltzaleek.Duela lau urteko parte-hartze berarekin egin ziren, atzo, udal eta foru hauteskundeak. Hauteslekura deituta zeuden 52.967 goierritarretatik 35.729 joan ziren (%32,54ko abstentzioa, 2011n 32,76koa izan zen).
Hautagaitza gehien EH Bilduk zituen, 16 herritan, eta seitan izan da bozkatuena. 75 zinegotzi ditu denera (5 galdu). Gehiengo absolutua du horietan gainera, eta ekainaren 13an udalak osatzeko egunean, alkatetza hartuko du. Tartean Zerainen. EH Bilduk 59 boto lortu zituen, baina abstentzioa altua izan da: %68,5.
EAJk, berriz, Lazkaon gehiengo osoa lortu du (7 zinegotzi, EH Bilduren 6en aldean). Denera 10.774 boto eta 43 zinegotzi. Alde handienarekin Legazpin gailendu da, 812 boto igota —EH Bilduk 291 galdu ditu—. Ordizian ere gain hartu du EAJk, 82 boto doirengatik. Bosna zinegotzi dituzte bi indar abertzaleek. Han ordea, Ordizia Orain hautagaitza berria —Podemos-Ahal Duguren markapekoa da— bi zinegotzirekin sendo sartu da, eta udal gobernua osatzeko giltzarri izango da; PSEk bakarra du Ordizian.
Oso berdinduta udal asko
Alderdi bozkatuenaren balantza EAJren aldera ala EH Bildurenera irauli, oso alde txikia izan da askotan. Urretxun, 14 boto gehiago ditu alderdi jeltzaleak. Ataunen koalizioak irabazi du, Herrigintzak baino 11 boto gehiagoz. Legorretan aldea 16 botokoa da, EH Bilduren alde.
EH Bilduk Seguran, Zaldibian eta Itsasondon —bi zinegotzi galduta, EAJ sartu berriak bi atera dituelako— gobernatuko du.
Emaitza bikainak lortu dituena Zumarragan PSE-EE izan da. 13 zinegotzira jaitsi da aurten udalbatzaren neurria (lehen 17), baina PSE-EEk lehen zeuzkan zortzi zinegotziei eutsi die. Alde portzentuala igo duela esan nahi du horrek, eta gehiengo absolutua, are absolutuago du. 523 boto gehiago batu ditu, botoen %51.
Orokorrean, berriz, PSEk 15 zinegotzi atera ditu; bat galdu du. Lazkaon, Juan Manuel Serna sozialistak ez du eserlekurik lortu.
PP, aldiz, Goierriko udal mapa politikotik desagertu da. Ez du ordezkari bakar bat ere lortu, aurkeztu den zazpi herrietan. Beasaingo eta Zumarragako zinegotziak galdu ditu.
Irabazik bana du Legazpin, Urretxun eta Zumarragan. Ordizia Orainek, bi eta giltza.
Hautesle elkarteei dagokienez, Olaberriko OEOk gobernuan jarraituko du, babesa handituta. Zegaman eta Idiazabalen Zegama Lantzenek eta Izal Baik segiko dute agintzen.