Kazetaritza
AITOR GARMENDIA ETXEBERRIA. Kazetaria

«Bertatik bertako kazetaritza egitea gustatzen zait gehien»

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak banatuko dira gaur Andoainen. Hautagaien artean, Aitor Garmendia (Itsasondo, 2000) ‘Berria’-ko kazetaria dago; Ceutako (Espainia) etorkinen auziaren inguruan egin zuen lanarengatik.

Aitor Garmendia.Goierriko Hitza

Azken hilabeteetan Ceutan (Espainia) migranteen auziaz asko hitz egin da. Aitor Garmendia (Itsasondo, 2000) Berriako kazetariak bertatik bertara ezagutu zuen hango egoera. Migrazio krisiaren inguruko lanarengatik Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko hautagaietako bat da. Sari-banaketa gaur izango da Andoaingo Bastero kulturgunean, 19:00etan.

Nola iritsi zitzaizun Ceutara joateko aukera?
Ceutan (Espainia) gertatzen ari zena lantzen genbiltzan lanean; hango jendearekin hitz eginda elkarrizketaren bat ere atera genuen, baina Andoaindik dena. Berria-ko munduko sailean askotan horrela lan egiten dugu, beste hedabideetatik hartuta deituz bati eta besteari, baina bertara joan gabe. Kasu honetan, etxetik lanean ari nintzen egun batean, Andoaingo editore taldetik deitu zidaten Ceutara joateko proposamena eginez. Nik segituan baietz erantzun nien. Izan ere, kazetaritzatik gehien gustatzen zaidana hori da; gauzak bertatik bertara ikustea egoera hobeto ezagutzeko.

Lehen aldia al zen lanarengatik bidaiatzen zenuena?
Bai, lehenengo aldia zen. Batzuetan bai egin dudala kanpora joan neure kontura, han istorioren bat bilatu eta elkarrizketaren bat edo beste egin. Baina, enpresak bidalita lehenengo aldiz.

Iturriak lortzeko nola moldatzen zinen, ezagutzen ez zenuen leku batean?
Aurretik elkarrizketa bat eginda geneukanez hango batekin kontaktu bat nuen, baina, zoritxarrez ezin izan nintzen berarekin egon lanez gainezka zebilelako. Bestela, lagun batek ceutarren bat ezagutzen zuela eta hark zenbakia pasa eta horrela moldatu nintzen jendearen kontaktuak lortzeko. Egia da hasieran esku hutsik iritsi nintzela, bakarrik eta zer egin oso garbi ez neukala. Baina, egoera horretan bazenez zer landu azkar ezagutu nuen jendea. Gainera, bertako gizarte hezitzaile batekin hitz egitea lortu nuen eta berak leku askotara eraman ninduen. Horrek asko erraztu zidan bertako jendearekin egotea.

Egoera larrian zegoen jendea. Beldurrik ez al zenuen jendearengana galdezka joaterakoan?
Egia da ez dela erosoa bertan zegoen jendearengana joatea eta galdezka hastea. Migranteengana joateak ematen zidan beldur edo apuru gehiago, hasieran. Baina, gero konturatu nintzen askok hitz egin nahi zutela. Batzuk etorri egiten zitzaizkidan bizitakoak kontatzera. Beste batzuei, aldiz, gehiago kostatzen zitzaien irekitzea eta gauzak kontatzea; horiek gerratik ihes egindakoak ziren gehien bat.

«Ceutan topatu nuena eta hedabideetan ikusten nuena ez zetozen bat»

Ceutako etorkinen auziaren inguruan asko hitz egin da azken hilabeteetan. Baina, bertako jendeak nola bizi izan zuen egoera hori?
Begira, gauza batek bai harritu ninduela; hedabideetan zabaltzen ari zena eta bertan ikusi nuena ez zetozen bat. Asko zabaldu zen ceutarrak ezin zutela etxetik atera ere egin «inbasio» bat egon zelako. Ni erdiguneko hotel batean nengoen eta hemengo hiri batean egotea bezalakoa zen; dena dendaz beteta eta jendea terrazetan. Tarteka ikusten ziren migrante talde batzuk, baina, erdigunean bizimodua normal-normala ez bazen ere, oso gertu zegoen. Etorkinen aurkako iritzi gehienak hor izan ziren. Aldiz, periferian egoera okerragoa zen.

Periferian zein zen egoera?
Periferian bai ikusten zirela migrante asko, baina bertako bizilagunen aldetik kexak migranteentzat baino gehiago ziren gobernuarentzat. Ikusten zutelako zer egoeratan zeuden etorkinak eta lagundu nahi zietelako, baina ezin zutelako.

Principe auzoan egon nintzen emakumeentzako kanpaleku batean. Gogoratzen dut hango batek esan zidala Ceutan urte askotan daramatzatela miseriarekin negozioa egiten, eta egoera horretan ere onuradun aterako zirela, krisi bezala saltzen dutenak, agintariak. Ceutan askotan pasa dela hori esan zidan. Diru aldetik ere prostituzio sareak eta mafiak daude tartean iristen diren migranteekin negozioa egiten dutenak.

Rikardo Arregi Sarietarako hautagaitza nola hartu duzu?
Asko eskertzen dut. Finalerako hautagaia izatea bakarrik niretzako bada nahikoa errekonozimendu; lan asko egiten ditugu, eta egia da askotan lankide eta gertukoren batek bai esaten dizutela ondo dagoela baina ez gehiago. Horrelako sariek, lana horretarako egiten ez badugu ere, aurrera jarraitzera motibatzen zaituzte.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa