Gabonetako menua prestatzeko proposamena, Iratzarriren eta Marta Perez Iriarteren eskutik
Iratzarri emakume elkarteak bere sukaldea eskaini dio Legazpiko Marta Perez Iriarte sukaldari eta irakasleari, Gabonetako sukaldaritza ikastaroa emateko.
Marta Perez Iriarte sukaldaria eta sukaldaritza irakaslea, Iratzarri emakume elkarteko kideekin Gabon menua prestatzen.Tere Madinabeitia Iratzarri emakume elkarteak azken urteetako hitzordua bete du aurten ere, eta Gabonetarako menua proposatu die legazpiarrei. Marta Perez Iriarte sukaldaria eta irakaslea (Legazpi, 1996) arduratu da menu horretarako platerak aukeratzeaz, eta horiek nola prestatu ari da erakusten aste honetan, Iratzarrik San Ignazio auzoan duen egoitzako sukaldean.
Herritar guztiei zabaldutako jarduera da, eta oso erantzun ona izan du beste behin. Ikastaro hauetan guztira 90 ikasle daude, eta sei saiotan banatu dituzte, bakoitzean 15 sartuta. Astelehenean hasi zen, gaur izango da aste honetako azkena, eta datorren asteko astelehenean eta asteartean ere izango dira. Sei saioak arratsaldez dira.
Ikastaro praktikoa da, eta hiru orduko iraupena du. Ikasleek lau plater prestatzen ikasten dute bertan, bi sarrerako, haragizko plater nagusia, eta postre gozoa. Marta Perez Iriartek honako menu hau aukeratu du: ganba ravioli faltsua, amerikar kremarekin eta saltsa berdearekin; legatz pastela Carasau ogiarekin; sagarraz eta intxaurraz beteriko indioilar bularkia, perretxiko saltsarekin; eta masa freskoarekin egindako ravioliak, sagarraz eta intxaurraz beteak, krema ingelesarekin. Plater guztiak dastatzeko aukera dute amaieran partaide guztiek.
Hiru ordutan, ondo kalkulatutako tartean prestatzen ditu plater guztiak sukaldariak, ikasleen laguntzarekin, eta amaieran, dastatzeko jartzen ditu mahai gainean. Platerak hutsik geratzen dira!.
Amona eta osaba
Sukaldaria da bokazioz eta formazioz Marta Perez Iriarte, azken urteak irakaskuntzari eskaini badizkio ere. Iñigo Perez ‘Urretxu’ sukaldari mediatikoaren iloba da, baina aitortu duenez, harengandik baino gehiago, etxeko Lidia amonarengatik jaso zuen sukalderako grina, txikitan. «Beti egoten nintzen sukaldean laguntzen, erroskilak egiten, familia etxera bazkaltzera zetorrenean… ni nintzen beti sukaldean aritzen zena». Hala ere, osabaren babesa ez du saltzeko, «afizioa eta lanbidea konpartitzen dugu, nire erreferentea da… eta Madrilen, urruti dagoen arrean, lotura berezia dugu».
Horrelako aurrekariekin, 18 urte zituenean Donostian sukaldaritzako unibertsitate gradua ikastea erabaki zuen. Basque Culinary Centerren egin zituen ikasketak, eta besteak beste, ETBko Ander Gonzalez sukaldariaren Astelena jatetxean egin zituen praktikak, Donostiako Alde Zaharrean. Han ikasi zuen, hain justu, Iratzarriren ikastaroan prestatutako legatz pastela egiten.
Kudeaketa eta formazioa
Baina sukaldeetan baino gehiago, sukaldaritzaren beste alor batzuetan lan egin du Perez Iriartek. Basque Culinary Centerren Kudeaketan espezializatu zen, eta ikasketak amaitzean, urteak eman zituen kafetegiak irekitzen, azaldu duenez, «gosari, ogi eta batez ere masen munduan zentratuta». Mexikoraino ere joan zen kafetegi horietako bat irekitzera, «hango lagun batekin batera ireki nuen. Ikuspegi ezberdin bat nahi zuen, hango emakumeei zuzendutako gosaltzeko eta egoteko eta lan egiteko leku bat jarri nahi zuen martxan, ez zegoelako horrelakorik. Etxeko ogia egin eta xigortuta saltzen genuen, nahiko ezezaguna zelalp».
Hura izan zen ireki zuena azken kafetegia, eta itzuleran, formakuntzaren alorrarekin egin zuen topo. Catalunya aldean ibili zen, medikuei eta beste kolektibo batzuei zuzendutako formazioa ematen, eta ondoren Culinary Centerren ere eman zituen hainbat ikastaro. Gaur egun Arrasateko Bastida Akademian ematen ditu sukaldaritza eskolak, langileentzat eta langabetuentzat.
Komunikatzea gustuko
Hiru urte daramatza formazioari erabat dedikatuta, eta aitortu duenez, «komunikatzea gustatzen zait». Izan ere, «ikastaroek ikasleekin harreman zuzena izateko aukera ematen didate, gertutasun bat. Ikasleak nire bezeroak direla kontsideratzen dut, eta erakusten ari natzaien bitartean, jatetxe bateko bezeroak balira bezala prestatzen dut janaria».
Iratzarrik antolatutako ikastaro hauek desberdinak dira, baina gertutasun hori jasotzeko oso aproposak. Perez Iriarte oso gustura dabil Legazpiko ikasle hauen artean, eta ikasleak ere bai berarekin.

















