Hegialdeko beterano haiek

Hegialdeko auzo elkartearen historia jasoko duen dokumentala grabatu nahi dute, eta larunbatean lehen elkarrizketak egin zituzten. Elkartea martxan jarri zutenek 1979ko testigantza eman zuten.

Hegialdeko auzo elkarteko beteranoak, Goiherri jatetxearen kanpo aldean, larunbatean.Octavio Cirez

Hegialdeko auzo elkarteak 50 urte beteko ditu 2029an, eta urteurren handi horri begira jarrita daude dagoeneko gaurko eta lehengo kideak. Duela aste batzutako Jose Conejo auzotarraren eta elkarteko kidearen poema liburuaren aurkezpena izan zen egin nahi dituzten ekitaldi sortaren abiapuntua, eta ondoren etorriko dira hitzordu eta jarduera gehiago. 

Horietako bat, dokumental baten grabazioa da. Auzo elkartearen sorreraren eta ibilbidearen lekukotasuna jasotzea du helburu, bertatik igaro diren auzotarren bidez, eta dagoeneko lanean hasita dago taldetxo bat. 

Belaunaldi desberdinak

Hegialdeko auzo elkarteari buruzko dokumentalaren grabazioa aitzakia hartuta, topaketa bat egin zuten joan den larunbatean, eta 40tik gora lagun elkartu ziren. Hamaiketakoa egin zuten lehenik, eta ondoren elkartearekin lotura estua duen Goiherri jatetxera joan ziren guztiak, elkarrizketak grabatu eta testigantzak jasotzeko. Poteoa etorri zen gero, eta bazkariarekin eta bazkalondo animatu batekin amaitu zuten eguna. Belaunaldi arteko topaketa izan zen, giro ederrean ospatutakoak-

Elkarrizketak hiru taldeetan banatuta egin zituzten, auzo elkartearen hiru etapa desberdinak bereizteko. Batetik, 1979an lanean hasi zirenak bildu zituzten, eta gero, 1988 inguruan hasitakoak. Azkenik, 1994tik aurrera lanean ibilitakoak elkartu zituzten. Gaur egun elkartean lanean ari direnen testigantzak ere jaso zituzten. Guztien artean, lehen aldarrikapenak ekarri zituzten gogora, baita lorpenak ere, eta toki berezia egin zieten jaiei, Hegialde osatzen duten auzo guztien batasuna eta sentimendua indartzeko garrantzia handia izan dutelako. 

Beteranoen lekukotasuna
Auzotar talde horretan beteranoak ere bazeuden, 1977an auzo elkartea martxan jarri eta lehenengo aldarrikapenak biltzen eta zabaltzen hasi zirenak. Jose Felix Sandonis, Jose Conejo, Pablo Romaratezabala, Jose Dehesa, Felix Merino, Antxon Elortza, Lucas Velasco, Ignacio de la Fuente, Matias Aizpurua eta Luis Pagola elkartu ziren larunbatean.

Horiekin, eta dagoeneko ez dauden beste batzuekin hasi zen guztia, 1979 inguruan, Urtatza oraindik horrela deitzen ez zen garaian: 35 Poligonoa zen orduan auzoaren izena. Auzo elkartearen sorrera auzune horretan zerbitzu aldetik zeuden hutsuneak salatzeko sortu zen: erosketak egiteko dendak, kutxazain bat, autobus geltokia, jaiak… Aldarrikapen haiei esker, Urtatza eta Hegialde osatzen duten beste auzoak gaur direna dira.

Lokala eta aterpea
Larunbateko topaketa aldarrikapen ekintza batekin hasi zuten, auzo elkartea lanean hasi zela ia 50 urte igaro badira ere, Hegialdek oraindik bete gabeko premiak eta hutsuneak badituelako. Auzo elkartearentzako lokala eta auzotarrentzako azpiegitura estalia eskatzen duen pankarta jarri zuten Laubideko biribilgunean. 

Auzo elkartea makina bat lokaletik igaro da, eta gaur egun Atzegiren Txolartea erabiltzen du bileratarako, eta Olamendi eskolan badu beste gela bat, materiala gordetzeko. Baina lokal propioa nahi eta behar du, bere jarduera behar bezala gauzatzeko.

Espazio publiko estalia ere aspaldiko aldarrikapena da, eta ezinbestekotzat jotzen dute auzotarren bizitza sozialerako.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa