Imanol Ituiño magoa gaur Beasainen, Lemniskataren bigarren saioan
Lemniskata elkarteak zinema, matematika eta magia uztartzen dituen hitzaldia egingo du gaur, arratsaldeko 19:00etan, Igartza Jauregian. Bertan protagonista izango da Imanol Ituiño mago eta ilusionista. Elkarte beasaindarrak gai hauen inguruan antolatz...
Lotura zuzena dago magiaren eta zinemaren artean. Nolabait, biak pertsonari zerbait transmititzen diote, dela harridura, zalantza, edo jakin-mina. Izan daiteke, noiz edo noiz, magiak eta zinemak ikuslea «engainatzea», edo errealitateari ez dagokion egi bat erakustea. Hor dago gakoa. Eta adar horiei lotuta, matematika. Izan ere, magian zerikusi handia du matematikak. Ituiño mago bilbotarrak hala azalduko du gaurko saioan, zein den euren arteko harremana, eta adibide batzuk ere jarriko ditu.
Lehiaketa eta erakusketa
Ordu eta leku berean, 19:00etan Igartza Jauregian egingo dute II. Lemniskata Matematika argazki lehiaketako sari banaketa. Ondoren, lan sarituak erakusketan jarriko dituzte; bihartik hurrengo larunbatera, hilak 22, Beasaingo Usurbe aretoan egongo dira ikusgai. Urtarrilaren 25etik 30era Ordiziako Barrena Jauregian egongo dira. Azkenik, otsailaren 1etik 5era Lazkaoko kultur etxean jarriko dituzte lanak ikusgai.