Legealdiko urtebeteko balorazioa egin du koalizioak.EAJk gehiengo osoa izatea «herriarentzat eta udalaren funtzionamendu orokorrarentzat» kaltegarria dela diote
Beasaingo Udaleko EH Bilduko zinegotziek agerraldia egin dute, legealdiko lehenengo urteko balorazioa egiteko. Lehenik eta behin, denbora honetan, oposizioan lana egiteko «zailtasun handiak» izan dituztela azpimarratu nahi izan dute. EAJk «gehiengo osoz baliaturik, elkarlana bultzatzeko asmorik» ez dutela ikusi zehaztu du Idoia Baztarrika EH Bilduko kideak.
Era horretan, EH Bildurekin adostasunetara iristeko saiakerarik ez dela egin salatu dute, eta «gaiak lantzeko beharrezkoa den informazioa ere, ez zaigu ematen batzordeetan, eta gure ekarpenak ez dira aintzat hartzen». 2016ko udal aurrekontua jarri dute horren adibidetzat: «Oposizio guztiaren kontrako bozkarekin atera zituen aurrera, lehen aldiz Beasaingo Udaleko historian, PSE-EEk ere kontrako botoa eman zuen».
Udalaren kudeaketaz
Bestetik, alkatearen eta alkate ordearen soldataren harira, «EAJren lehenengo neurria», EH Bilduk udal gobernua osatu zuenean egin zuenaren kontrakoa izan zela gogoratu dute: «Alkatearen eta alkate ordearen soldatak ikaragarri igo zituzten, ia ministro baten pare jarriaz Beasaingo alkatearen soldata». Udalaren funtzionamenduari eta kudeaketari dagokionean, EAJren gehiengo osoa ez dela «ona» izan nabarmendu dute, «ez herriarentzat, ez eta udalaren funtzionamendu egokiarentzat ere». Gehiengoaz baliatuz, aurreko legealditik martxan jarritako hainbat egitasmoa bertan behera utzi dituztela salatu dute. «Baratze sozialena da adibide esanguratsua. Gauzatuta zegoen proiektu hau deuseztatu egin dute, izena emanda zuten 100 herritarren ilusioa erabat zapuztuaz».
Ezkiaga auzoko igogailuaren proiektua jarri dute bigarren adibidetzat. «Atzerapen horren atzean aurreko legealdiko proiektua bertan behera uztekok intentzioa besterik ez dago», azpimarratu dute EH Bildukoek. Hirigintza arloan arkitektoaren kontratazioan EH Bilduk arkitektoen elkargoan jarritako errekurtsoaren ondorioz, «udalean EAJk egin nahi izan zuen kontratazioa bertan behera» gelditu zela gogoratu dute.
Gazteria arloa «deuseztea»
Bestetik, gazteria arloaren «deuseztea» nabarmendu zuten. «Gaztelekuan zerbitzua ematen duen enpresarekin ekainean bukatzen da kontratua eta oraindik esleipen berriaren berririk» ez dutela nabarmendu dute. Horrekin batera, EAJk «gaztelekuaren deuseztea ekarriko duen erabaki politikoa» hartu duela jakinarazi dute, «oposizioarekin ezer partekatu gabe, eta Beasaingo gazte ugari kalean eta zerbitzurik gabe utziaz».
Euskara eta parte hartzea
Euskararen alorrean, aurreko legealdian EAJk EH Bilduren batzorde eraketa proposamenari ezezezkoa eman, eta «EAJ gobernura iritsi orduko, kontrako erabakia hartu eta orain Euskara batzorde berezia da». Horrekin batera, batzordeak bilera gutxi egin dituela gogoratu dute, «ez zaio eman beharko lukeen lehentasun politikorik».
Bestalde, parte hartzean atzerapauso «nabarmenak» eman direla aipatu dute. Tratu txarren aurkako salaketa protokoloa jarri zuten horren adibidetzat: «Protokolo hau udalaren lau hormen artean gauzatu da bere osotasunean, herritarren eta eragileen ekarpenik gabeko dokumentua sortu dute».
Era berean, herritarrek bere iritzia emateko zituzten parte hartze eremuak kendu egin dituztela salatu dute.
Beraz, EH Bilduren esanetan, «beste behin ere esan behar dugu politika egitea ez dela aurrekontuan jarritakoa gestionatzea, udala ez dela enpresa bat eta plenoa administrazio kontseilu bat». Politika horiek herritarrekin batera egiteko tresnak eta mekanismoak jarri behar direla uste dute.