Bihar, 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerrak izango dira. Gauean, eguraldia lagun bada, izar eta konstelazioen behaketa egingo da Oiangu parkean

Asteburu honetan izarrekin zita eskaintzen du Aranzadi elkarteak, bere gastronomia gauarekin. Biharko tailerrak eta behaketa saioa antolatu dituzte Oiangun. Aranzadiko Astronomia saileko kideek gidatuko dituzte bi ekintzak, eta deialdia irekia denez, nahi duten guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Haurrentzako tailerrak
Hasteko, 20:00etatik 21:30tara, 8 eta 12 urte bitarteko astronomo txikiei zuzendutako ekintza egingo da. Begi bistan ikusi daitezkeen zeruko ezaugarriekin trebatuko dira. Horrez gain, Aranzadiko boluntarioen laguntzarekin, beraien planisferioak eraikitzen ikasiko dute, hau da, izarren mapa erraz bat, non begi bistakoak diren konstelazioak identifikatuko dituzten urtaro ezberdinetan zehar. Parte hartzeko izena eman behar da: 943 46 61 42 zenbakia edo
idazkaritza@aranzadi.eus.
Izarren behaketa
Eguzkiaren argia desagertzen denean, 22:30ean, udako zeruaren konstelazio nagusiak ikusi ahal izango dira, baita izar nabarmen batzuk identifikatu ere. Aranzadiko astronomoek maneiatuko dituzten teleskopioen laguntzaz, Ilargiaren kraterrak, Jupiterren sateliteak, Marteko gainazala, Saturnoren eraztuna eta zeruko beste objektu batzuk behatu ahal izango dituzte.
Ez da beharrezkoa izena ematea, agertzearekin nahikoa da. Materialaren aldetik, Aranzadiko kideek eramango dituzte teleskopioak. Hala ere, norberak berea eraman nahi badu, eraman dezake. Zeru estalia edo eguraldi txarra badago ekintza bertan behera geldituko da.
Urtean zehar, izan dira Aranzadik antolatutako beste ekintza batzuk. Apirilean, esaterako, txorien eraztuntzea egin zen eta habi kutxak jarri ziren. Maiatzean, berriz, txorien kantua ezagutzeko irteera egin zen. Euskal Herriko anfibio eta narrastien erakusketa ere ikusgai egon da.