Arcelorreko emakumeei buruzko dokumentala aurkeztuko dute bihar
Bihar, 20:00etan, Altzairuzko emakumeak dokumentala aurkeztuko dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Bertan, Arcelor Mittaleko langileen bikoteen testigantzak jaso dituzte. Dokumental hori Kalaka etxeak egin du, Zumarragako Udalak eskatuta. Atzo eguerdian
Bihar, 20:00etan, Altzairuzko emakumeak dokumentala aurkeztuko dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Bertan, Arcelor Mittaleko langileen bikoteen testigantzak jaso dituzte. Dokumental hori Kalaka etxeak egin du, Zumarragako Udalak eskatuta.
Atzo eguerdian aurkeztu zuten, Zelai Arizti aretoan. Ekitaldian, dokumentaleko protagonistek, Kalaka ekoizpen etxeko Ilazki Gaintzak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.
Mahai gainean Santi Rodriguez langileak Arcelorretik ateratako azken altzairu totxo akastunarekin egindako arrosa bat jarri zuten. «Borroka islatzeko eta egoera guztietatik gauza ederrak atera daitezkeela jabetzeko balio du», esan zuen alkateak.
Serranok 20 minutuko dokumental horren helburua emakumeek Arcelor Mittaleko borrokan izan duten garrantzia ezagutzera ematea dela esan zuen. «Herritar guztiak aurkezpenera gonbidatu nahi ditut. Emakume hauen bizipenak, sentimenduak eta sufrimendua ezagutu ahal izango dituzte. Baita enpresak martxoaren 15ean Zumarragako lantegia itxiko zuela iragarri ondoren egin zuten borroka ere».
Zumarragako alkateak emakumeen ekarpena goraipatu zuen. «Dokumentalean primeran jaso dute emakume hauen ahalegina, indarra eta adorea. Itxieraren aurkako ekimenak antolatzeaz gain, beraien seme-alabei eta senarrei ezinbesteko laguntza eman diete. Dokumental hau Zumarragaren historiara pasako da».
Emakumeen iritzia
Emakumeen izenean Ainhoa Simalek hitz egin zuen. «Dokumentalean langileen emazteok bizitako egoera gogorra eta gure erantzuna jaso dituzte. Emakumeok elkartzea erabaki genuen, gure herrialdetik kanpo hartutako erabaki batek egindako mina apur bat arintzeko. Erabaki horrek gure bizitzan aldaketa handiak ekarri ditu».
Hamar emakume izan dira bizitakoaren berri eman dutenak. «Lehen une haietako ezintasunaren eta hondoratzearen berri eman nahi diogu herriari. Babesa behar genuen eta gainontzeko emakumeengan aurkitu genuen. Altzairuzkoak egin behar izan ginen, gainera zetorkiguna jasateko. Gure bikotekideei, gure seme-alabei eta gure buruari animoak emateko».
Bukatzeko, Simalek udalei eta herritarrei eskerrak eman zizkien eskainitako babesagatik.
Kalaka Komunikazio Parekideak enpresako Gaintzak altzairuzko emakume «ausart» horiek ezagutzea «pasada» bat izan dela esan zuen. «Subjektu aktibo bezala aurkeztu nahi genituen. Garrantzitsua da emakumeok ere borroka egiten dugula erakustea. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiet udalari eta emakumeei», amaitu zuen.