Domingo Unanueren altxorrak
Victor Mendizabal II. ikerketa beka lortu zuen Adur Ezenarro arkitekto ordiziarrak 2013an. Ikerketa-gaiak, Ordiziarekin lotura izan behar duela zehazten dute lehiaketaren ...
Victor Mendizabal II. ikerketa beka lortu zuen Adur Ezenarro arkitekto ordiziarrak 2013an. Ikerketa-gaiak, Ordiziarekin lotura izan behar duela zehazten dute lehiaketaren oinarriek eta horregatik, Domingo Unanue arkitekto ordiziarraren lana aztertu zuen. «Nekez aurkitu daiteke Ordiziarekin lotura handiagoa duen gairik, Unanueren lana Ordiziarik gabe ulertezina bilakatzen delako» adierazi du Adur Ezenarrok. Lan horrekin agerian utziko du «Unanue eta Ordiziaren arteko lotura erabatekoa» dela. «Abiapuntuan neronek uste nuena baino estuagoa da» gehitu du Ordiziako arkitekto gazteak.
Domingo Unanue bera ordiziarra izateaz gain, eta arkitekto moduan egindako ia bere lan guztiak bertan egoteaz aparte, neurri handi batean Ordizia modernoak gaur egun duen itxura «berari zor» diola jabetu da Ezenarro egindako ikerketarekin. 1951. urtean, udalerriak eduki zuen lehendabiziko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean, Unanuek egindako aurreikuspenak eta analisiak «gaur egun, oraindik ere, indarrean» daudela baieztatu du Ezenarrok. «Batez ere, bere plangintza betetzeko jarri zuen epea oraintxe bete den honetan», nabarmendu du. Hirigintza mailan egindako ekarpenekin, nahiz bere eraikinekin, Unanuek «Ordizia modernoa zizelkatu» zuela jasotzen du Ezenarroren ikerketak. Zizelkatzeaz gain, «etorkizuneko garapenaren norabideak finkatu zituen, ondoren hirigintzan arituko direnek bere hausnarketek ireki zituzten ildoetatik jarraitu» dutelako, eta azkenean, «Unanueren aztarnak gaurdaino heltzen» direlako.
Etxezarreta antzokia
Unanueren lehendabiziko obra kontsidera daitekeenak aspaldi sortua zion Adur Ezenarrori «nolabaiteko zirrara». Egun batean, Etxezarreta zine-antzokia bezala ezagutu zena, gaur egungo Herri-Antzokia, «berezia baita, oso berezia, jendea hortaz konturatu ez arren». Eraikin modernista hori Domingo Unanue arkitektoak diseinatu zuen, eta Ezenarrok arkitektura ikasketak hasi zituenenean, lehenengo ikasturtean, norberaren jaioterriko eraikin modernoetan, zaharrena aukeratzeko eskatu zieten. «Nik Herri-antzokia aukeratu nuen».
Ondoren, hirugarren mailan, Unanue berriz ere Ezenarroren bidean gurutzatu zen: «Arkitektura garaikideak Euskal Herrian Mugimendu Modernoaren barruan utzitako arrastoak aztertzea eskatu zidatenean, Ordiziako Herri-Antzokia gainerako lanik esanguratsuenen multzoan sartu nuen».
Domingo Unanue arkitektoa
Ikerketa lana egiteko garaian, Adur Ezenarrori ez zaio erraza egin Unanueren bizitzako zenbait datu berreskuratzea, 20 urte igaro baitira hil zenetik. Domingo Unanue arkitektoa (1901eko abuztuak 4 – 1985eko urriak 4) Ordizian jaio zen, Madrilgo Arkitektura Eskolan arkitektura ikasi zuen, eta 1926an eskuratu zuen titulua. Ondoren, 26 urte baino ez zituela, Legorretako paper fabrikaren jabe Juan Jose Etxezarretarentzat Ordizian eraiki zuen zine-antzokia da ezagutzen den bere lehenbiziko lana. Proiektuak 1927koak badira ere –bi proiektu daude-, 1928an eraiki zen, eta azaroaren 10ean inauguratu.
«Jendea konturatzen ez den arren, Ordiziako Herri Antzokia oso eraikin berezia da»
«Bere azkeneko lana, urte askoan Gaztetxea izan den mediku-etxea izango da»
Adur Ezenarro, Arkitekto ordiziarra
Domingo Unanuek garai hartan puri-purian zeuden modernitatearen eragin aurrerakoienak bereganatuz joan zen, eta hormigoizko egitura bazuen ere, hasiera batean nahiko arrunta zen proiektu hura, arkitektura modernoaren ikur guztiak jasoko dituen eraikuntza berrian bilakatzea lortu zuen. Etxezarreta zine-antzokia arkitektura modernoaren eraikinak aztertu dituzten argitalpenetan apenas aipatu bada ere, «Euskal Herria osoan Mugimendu Modernoak utzi duen lanik aitzindari eta bikainenetako bat» dela nabarmendu du Ezenarrok. «Horregatik, ikerketa lan honen helburua arkitekto ordiziarraren ahaztutako obra aldarrikatzea izan da».
Beste eraikin batzuk
Gaur egun, Ordiziako udal artxiboaren edukia paperean gordetzen diren hainbat zerrendetan jasotzen da, artxiboan gordeta dagoena. Zerrenda horiek erabilita, herrian betidanik Unanueri egotzi zaizkion eraikinen espedienteak topatu ahal izan zituen Ezenarrok, hala nola, Herri-Antzokia, Chocolateria, Carroceria Modelo, Lecheria edota gidetan Pildain bezala gaizki ageri den San Bartolome auzoko Vicente Ruizen fabrikadun etxebizitza. Horregatik, Ordiziako Udalari artxiboan sartzen uzteko baimen berezia eskatu zion Ezenarrok.
Egindako ikerketari esker, Herri-Antzokiaz gain, beste eraikin publiko, lantoki, etxebizitza, etxalde, auzo eta eraikuntza proiektuak ez ezik, Ordiziako Hirigintza mailakoak ere landu zituela baieztatu ahal izan zuen ordiziarrak.
Eraikin publikoen alorrean, Unanuek hainbat egitasmo egin ditu udalarentzat. «Interesgarriena, 1933-1937 bitartean, frontoiaren inguruan egindako azterketa lanak izan ziren», adierazi du Ezenarrok. Nolabait udalak sustatuko ditu baita ere krisialdiari erantzuteko 30eko hamarkadan eraikiko dituen lantokiak. Horien artean Carroceria Modelo zeritzona (1933): «Arrazionalismoaren eredu bikaina izango da, baina arrazionalistatik harago, bere bilakaera pertsonalagoaren adierazpide bezala ageri da San Juan auzoko Lecheria eraikina (1935), langileen eta jabearen etxebizitzak zituen esnetegi industriala izateko eraiki zena», kontatu du.
Etxebizitzen inguruan, autarkia garaiko erregimenaren Obra Sindical del Hogar y Arquitectura erakundeak antolatutako bi lehiaketa irabazi zituen Unanuek, eta Ezenarroren esanetan, Aita Urdaneta etxaldea (1947-54) Ordizian, eta Legazpi etxaldea (1947-57) Zumarragan egin zituen. Alabaina, aurretik, 20ko hamarkadaren amaieran, Ordizian bertan, «langileentzako 258 etxebizitza izatera iritsiko zen eraiki gabeko egitasmo erraldoia aurreikusi» zuen Urdaneta kalean, proiektu itzel haren oinordeko den eta ondoren eraiki zuen Chocolateria (1930) etxebizitzen eraikinaren jarraian. Etxebizitza eraikin gehiago egin zituen Unanuek. «Horietako asko Ordizia modernoari forma ematen dion paisaia artifizialaren ikur nagusiak bilakatu dira; Garagartza plazako Braulio Armendarizen begiratokia kasurako», dio Ezenarrok.
Hala ere, eraikinok baino, Ordizia modernoari benetan forma emango diona, 1951n egin zen udalerriaren lehenbiziko Hirigintza Antolamendurako Plana izan zela dio Ezenarrok. Unanueren aurreikuspenek eragin zuzena izan zuten jarraian etorriko diren plangintzetan, eta bere lehenbiziko proposamen haien egokitasunaren lekuko dira gaur egun Ordizian antzeman daitezkeen bere aztarnak.
Galbidea eta heriotza
Kolperik handiena, 1955eko otsailaren 23an emaztea hil zitzaionean jasoko du, urte horretatik aurrera, ez baitzuen lan gehiago egin. Haren azkeneko lana urte askoan Gaztetxe izan zen mediku-etxea izango da, eta eraikiko ez den azkena berriz, Ordiziarako eliza berri baten proiektua, 1956ean bere kabuz egindakoa dirudiena.
Hortik aurrera, galbidera eraman zuen bizimodu traketsa hasi zuen, miserablea ia. 1985eko urriaren 4an Ordiziako San Jose egoitzan hil zen Domingo Unanue.