
Arriarandarrak urtarrilaren 25ean botatako aizkora desafioa hutsean gelditu da. Orain, 2016ko arantza atera nahian, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan jarria du burua.
Asteartean ez zen inor agertu Tolosako Kantabrikoko hitzordura. Zer sentitzen da horrelakoetan?
Pena pixka bat. Taldea osatuta geneukan, eta erantzunik gabe gelditzeak pena pixka bat ematen du. Orain beste era batera hartu beharko ditut gauzak.
Zurrumurruak bazeuden, Arria V.a edo azalduko zela. Ilusioa eginda egongo zinen…
Bai, Kantabrikora bakarren bar agertzea behintzat espero nuen, penarekin gelditu naiz. Atutxak aurretik ezetz esana zuen; Rekondok zalantza azaldu zuen, eta Arria V.a baiezkoan bezala zen… Pentsatzen nuen Arria joango zela eta konponduko ginela, baina azkenean ezerezean gelditu zen.
Zuk 12 oinbiko enborreko desafioa bota zenuen baina hitz egiteko prest zeunden.
Bai, nik nire gustuko lana jarri nuen, baina beste aukeraren bat egongo balitz ere hartu egingo genuen.
Zergatik bota duzu desafioa?
Iaz Euskal Herriko txapelketan ez nintzen gustura gelditu; eguna ere ez nuen beharbada ona izan. Loteekin ere ez nuen zorte handirik eduki. Urte Zaharreko finalean ikusi genuen puntu onean nengoela. Momentu on hori aprobetxatuz, eta beste hiru bat hilabetean gehixeago prestatuko nintzela eta, apustua botatzea erabaki genuen.
2016. urtea ez zen urte onegia izan zuretzat.
Ez. Gipuzkoako txapelketara ez nintzen puntuan joan, sinusitisarekin egon nintzen. Puntuan iritsi gabe, ez dago zer eginik; bigarren gelditu nintzen. Euskal Herriko finaletik, berriz, kan-poan gelditu nintzen; kolpea izan zen. Finalean lan ona egiteko moduan ikusten nintzen, lehenengo bitan egiteko moduan. 2017a ere ondo hasi nahi genuen baina ez da posible izan.
2017rako zein helburu dituzu?
Apustura ez dut uste dagoeneko inor etorriko denik; Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketa ahal den ondoen prestatzea dut orain helburu. Gipuzkoakoa uztailean izaten da eta Euskal Herrikoa urrian. Euskal Herrikora behintzat ondo iritsi nahi dut, azkeneko urte hauek aprobetxatzea nahi dut. Gogoarekin gaude, eta ea zorte pixka bat daukagun.