Aralar, karta askoko jokoa
Pisten eraikuntzak lehentasunen eta izaeren eztabaida azaleratu du. Baina gauza bat dago argi: osagai askoren nahasketatik ondutako opila da Aralar.
Aralarren mendi-bideak eraikitzeak ...
Pisten eraikuntzak lehentasunen eta izaeren eztabaida azaleratu du. Baina gauza bat dago argi: osagai askoren nahasketatik ondutako opila da Aralar.
Aralarren mendi-bideak eraikitzeak —eta lehen ez eraikitzeak— sortu dituen minen eta saminen erdian, Goiberri-k aurreko hiru erreportajeekin parke naturalaren izaera azaldu nahi izan du. Zer izan zen, eta zer den. Etorkizunean zer izango den, berriz, orain hartzen diren erabakiek zehaztuko dute.
Baina gaur egungo errealitateak berak jada joko-zelaia definitzen du, eta arau batzuk zehazten. Zer egin daitekeen, nola, non eta zertarako. Hor daude araudiak, legeak, KBE Kontserbazio Bereziko Eremu eta parke natural izendapenak.
Polemika piztu du Aralarren egin beharrekoen lehentasunak berak ere. Edo jabetzak. Nork duen zilegitasun handiagoa, nor den Aralarkoagoa.
Oraina iraganaren gatibu den hein berean, etorkizuna orainaren oinordeko da. Aralar ez dator hutsetik, eta biharkoa gaur ez da hutsetik hasiko. Jarraian, Aralarrek dituen balio batzuk. Denen arteko oreka beharko da, guztiak izan daitezen.
Larreak eta goi mendiko artzaintza
Aralarrek 208 kilometro koadro ditu. Parke naturalak (Gipuzkoako zatia) 10.971 hektarea hartzen ditu. Larreak eta belardiak %35,8 dira: 3.923 Ha. EHUren 2016ko ikerketa baten arabera, mendian larratzen diren abereen esneak eta gaztak balio nutrizional handiagoa du, koipe osasungarriagoak ditu.
Lurpeko ‘seigarren kontinentea’
Aralar eremu karstikoa da, eta lurraren barrunbeetan aberastasun espeleologiko izugarria dauka. Gerra ondorenetik, 850 leize, troska, koba eta zulo arakatu dira Aralarren. 1.000tik gora daudela kalkulatzen da. Handiena, orain artekoan, Ormazarreta-2 da, –576 metroko desnibelarekin eta 7 kilometroko ibilbidearekin.
Ur masa, kalitatez eta kantitatez ona
Aralarren erortzen den prezipitazioa lur barrura iragazten da, lurpean zirkulatzen du, eta iturburu gisa azaleratzen da, lau ibarretan. Urtean 1.700-1.800 mm ur erortzen da, eta kilometro koadroko 37,7 l/s-ko infiltrazioa gertatzen da. Egoera ona bada ere, zenbait tokitan kalitate arazoak atzeman dira, abere ustialekuetan.
Ekologia, parke naturalaren arima
Gizakiaren jarduerarik batere gabe, Aralarren landaredia potentzial teorikoa hariztiak (‘Quercus robur’) eta 500-600 metrotik gora pagadiak izango lirateke. Berezko edo erdi-berezko basoak parke naturalaren %38 dira (4.168 ha); horietatik, gehiena pagadiak: 2.896 hektarea. Zuhaitz landaketak %17 dira (1.890 ha).
Arkeologia, etnologia eta ondarea
Aralarren 62 trikuharri daude katalogatuta, Gipuzkoako partean 18. Duela 6.000 urte hasi ziren erabiltzen, hiru mila urtez. Lurralde antolaketarekin zerikusia zeukaketen. Orain dela 50.000 urteko silexa aurkitu da Ondarren, Neandertal gizakiarena. Ondare agortezina da Aralar, materialean eta ez materialean.
Mendizaleen paradisuetako bat
‘Slow mountain’ filosofia gero eta gehiago ari da zabaltzen. Mendian ibiltzeak eguneroko bizimodurako dakartzan onurak lantzen ditu mugimenduak. «Terapiaz» ere ari dira hizketan zenbait, Juanjo Garbizu adibidez (‘Monterapia’ liburuaren egilea). Ganbo mendira (Aralarko garaiena) bidean otu zitzaion idaztea, 2011n.
Kronologia. Enirio-Aralarren historia
1943-5-30. 14 Orduen I. Mendi Ibilaldi Erregulatu irekia egin zen. 111 mendizale, 37 taldetan.
1945. Jentilarriko trikuharriaren berreraikitze okerra egin zuten.
1945. Zientzia eta kultura ikerketa berriz hasi zen Aralarren, gerrak eten ondoren. Lau espeleologo kataluniar leizeak ikertzen aritu ziren, euskaldunei erakutsiz.
1946. Igaratzako baseliza eraiki zuen Aralarren Lagunak taldeak.
1946. Troskaeta koban (Ataun) leizeetako hartzen hezurrak aurkitu zituzten, bi indusketatan.
1947. Aranzadi zientzia elkartea sortu zuten, 1945ean Aralarrera etorritako espeleologo kataluniarrek ernetako euskal bidea irekiz.
1947. Igaratzako ermita handitu zuten, aurreko urtean txikiegia eraiki ostean. Sakristia bi ohere- kin, berogailu eta erlijio objektuak gordetzeko arasa batez hornitua. Elizkizunean kontsakratu zuten. San Migelen irudiak Gipuzkoa zapaldu zuen, lehenengo aldiz.
1951. Igaratzan, Jai tabernaren ondoan etxola egitea baimendu zitzaion Aralarren Lagunaki, Pedro Mari Sukia artzainarentzat (Enirioko Guardetxe zaharrean zeukan artaldea). Artalde bat ohiturazko larreetatik kanpo jartzen zen lehenengo aldia zen.
1951-10-21. Txindokiren ertza lehenengo aldiz eskalatu zuten Jose Arrate, Antxon Saenz Basa- goitia eta Alfontso Martinezek. Gipuzkoako eskaladan mugarria jarri zuten. Txindoki klasiko bi- hurtuko zen eskalatzaileentzako.
1953-1957. Arritzagako kobre meategia ustiatzeko saiakera egin zuen Irungo enpresari batek. Porrot egin zuen, kobrearen merkatuko arazoengatik.
1954. Mankomunitatearen barne funtzionamendurako araudia eguneratu zuten, legera egokituz.
1954. Mendi eskiko lehenengo igoera ezaguna egin zuten Juan Antonio Laredo eta Jesus Aiestaran eskiatzaileek, Ausa Gaztelura.
1955. Guardetxeko errepidea ireki zuten, Nafarroa aldean.
1963. Atxispuru inguruan petrolio prospekzioak egin ziren, nafar Errealengoan.
1966-1968. Arritzagan kobrea ustiatzeko azken ahalegina Soria Mount konpainiak egin zuen. Zulo handi bat zulatzen hasi zen, baina sufre poltsa agertu eta bertan behera utzi zuten.
1966. Espainia mailako eski lehiaketa egin zuten, Aralarren. 1968an ere bai. Tolosako Alpino Uzturrek antolatuta. 1969an, Espainiako Eski Txapelketa Nagusia egitekotan ziren, baina elur gabeziagatik, azkenean Candanchun egin zuten.
1975. Aralarren bihotzeraino pista berriak ireki zituzten, XX.eko azken laurdenean: Aralegi–Enirio bat, eta Urkillaga–Akaitz Txiki bestea.
1982. Aralarren Gipuzkoa osoko ardien %35 larratzen zen.
1982. Enirio-Aralarren Ordenazio Azterketa burutu zen, lurraldea egoki antolatzeko. Mantentzeko eta hobetzeko neurriak proposatu ziren. Emaitza 1988an atera zen.
1985. Mendien Katalogo Publiko- ko (1901ean sortua) mendiak ba- koitza bere autonomia erkidegora transferitu zituzten. EAEn Mendien Lurralde Batzordea sortu zen.
1987 azaroa. Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko mendien eskumen esklusiboa hartu zuen, tartean Aralarkoena.
1988 abendua. Enirio-Aralarko Ekintzen Egitamua onartu zuen aldundiak. Ez zen pista gehiago planteatzen.
1988. Aralarren %29 antzua zen, harkaitz bizia. Lurraldea 5 erabi- leratan banatu zuen Ekintza Egitamuak: 1) larre egokiak (1.313,95 ha, %38); 2) arazoak izan ditzaketen larreak (228,5 ha, %6,6); 3) arazo larriak izan ditzaketen larreak (519,3 ha, %15); 4) lur degradatuak eta labainkorrak, baso-lur berresku- ratze beharrean (669,7 ha, %19,4); eta 5) egungo baso babestaile eta ustiakorrak (681,8 ha, %19,7). Gehi Lareoko urtegi- ak hartuko zituen 40 hektarea. Enirio-Aralarren azalera osoa 3.453,7 hektarea zen.
1988. Lareon urtegia eraiki zuten, 2.230.000 metro kubokoa.
1990. Mankomunitateak urteko 30 milioi pezeta izendatu zituen Aralarko inbertsioetarako, artzai- nen baldintzak, txabolak eta azpiegiturak hobetzeko.
1994-4-26. Aralar parke natural izendatu zuten, Gipuzkoako partea soilik. Mendi atal horrek 10.956 hektareako azalera du. Mankomunitatearena %57 da, eta gainontzekoa Ataun, Abaltzis- keta, Amezketa, Lazkao, Tolosa eta Zaldibia udalerriena.
1994. Ekos SL enpresak Enirio-Aralarko Mankomunitateko Txabolen Araudia idatzi zuen.
1995. Aldundiak ‘Aralar Parke Naturalaren Erabileta eta Kudeaketarako Plangintza Zuzentzailea 1995-99 egin zuen.
1997. Marumendi-Lareon txabola turistikoak eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen enpresa batek.
1998. Igaratzan gaztelu bat eraiki zuten, ‘Belatz zuria’ filma graba- tzeko. Ez zuten inoiz filmatu.
1999. Lareon lurrak birkalifika- tzeko prozesua hasi zen. Artzainen kexak, artzaintza beharrean turismoa bultzatzeagatik. Bideak egiteko eta txabolak konpontzeko eskatu zuten.
1999. Gazteluko pista zaharra berritzea erabaki zuen Zaldibiak. Aldundiak astakeriatzat jo zuen.