Jone Urkizu: «Disfrutatzea eta emaitza on bat lortzea dira nire helburuak»
Aurten bosgarrengoz egingo duen Ehunmilak ultra-trailean 2014ko denbora hobetzea du helburu Azkoitian bizi den azpeitiarrak. Orduko hartan podiumean izan zen. Aurten bi lasterketa irabazi ditu.
Goierriko Bi Handiak proban parte hartu zuen Jone Urkizuk (Azpeitia, 1979) 2015ean, eta 2014an egin zuen azkenekoz Ehunmilak ultra-traila, podiumeko hirugarren koskara igoz (29:53:19). Aurten, ultra-traila berriro egiteko gogoa egin zaio, eta 2014ko denbora hobetzea du helburu Kulum Sport taldeko kideak. Bosgarren aldiz parte hartuko du ultra-trailean.
Denboraldia nola antolatzen duzu?
Komeni izaten da denboraldia hasi aurretik planifikazio bat egitea. Helburu nagusienak pare bat edo hiru probatan jarri, eta gero, beste lasterketak prestatzeko edo gogoa daukadalako egiteko, edo beste era batera hartzeko. Egia da, gero, denboraldia aurrera doan heinean, pentsatuta dauzkazun helburu horiek igoal nahi bezala ez direla ateratzen, eta beste proba batzuk egiten direla ondo. Dena den, nik nahiago izaten dut ez inprobisatzea, eta aldez aurretik erabakita edukitzea, plan bat izatea.
Aurten, behintzat, orain arteko probak ondo joan zaizkizu, bi lasterketa irabazi dituzu: apirilean Enkarterri Extrem eta ekainean Gironako El Bastions Ultra.
Justu bi proba horiek ez ziren nire aurtengo bi helburuak, eta ondo atera zitzaizkidan. Martxoan Peñamellera egitera joan nintzen, hori bai zela nire helburuetako bat, baina ez zitzaidan ondo irten. Proba bukatu nuen, baina ez nahi bezain ondo. Hala ere, nik batik bat baloratzen dudana lesiorik ez dudala izan da. Hori hala izatea bakarrik positiboa da, nahikoa da.
Aurten bosgarren aldiz irtengo duzu Ehunmiletan?
Azkenekoz 2014an egin nuen, berriro egiteko gogoa neukan, eta animatu egin naiz. Niretzat Ehunmilak izugarrizko lasterketa da gauza askogatik: antolakuntzagatik, ingurua ezaguna delako eta distantzia luze horretako nire lehenengo proba izan zelako. Berezia da. Antolakuntza oso ona da, detaile denak oso ondo zainduta izaten dituzte.
Azkoitia-Azpeitia ingurutik pasatzen da, toki horietan ibiltzen zara entrenatzeko?
Bai, normalean bai. Izarraitz eta Irukurutzeta aldean entrenatzen dut, baina Hernio aldera-eta gutxiago joaten naiz. Gero, tartean behin, mendi martxak egiten ere saiatzen naiz, pixka bat aldatzeko eta ikusteko lasterketetan nondik nora ibiltzen naizen. Probetarako ere lagungarriak dira mendi martxak.
Ehunmiletako ibilbidetik zein toki egiten zaizu nekezena?
Andraizko gainetik Beasainerako tarte hori, azkenengo kilometroak dira eta nekea antzeman egiten da. Zati hori astuna egiten zait, beste urtetan egon izan naiz karreran, ‘puf eta gero hori falta zait’ pentsatzen.
Eta errazena?
Errazena ez dakit, baina justu gehiena gustatzen zaidana aurreko zatia da, Etzegaratetik Andraitzerako edo Aizkorrirako tartea.
Ehunmilak probarako zein helburu daukazu jarrita?
Aurreko batean egindako proba hobetzea nahi izaten da beti, eta aurten 29 ordu eta 53 minutu baino azkarrago egitea ederra izango litzateke. Horrelako proba batean, ordea, ez dago jakiterik. Kilometro asko dira, ez da matematika. Nahiz eta indartsu egon eta gogoarekin joan, eguraldia dela, edo baba bat ateratzen zaizula, gorputzaldia dela… ez dago aurreikusterik. Azkenean, emaitza emaitza da, baina gertatu izan zait emaitza itxurosoa egin eta disfrutatu gabe bukatzea. Horrek ere ez du betetzen. Disfrutatzea, ondo pasatzea eta emaitza bat lortzea dira helburuak. Ordu asko pasatu ditut probarako entrenatzen eta behintzat emaitza on bat lortzea nahiko nuke.
Fisikoki ez ezik, psikologikoki ere prestatuta egon behar da.
Horrelako proba luze batean motibatuta ateratzea da garrantzitsuena. Beldurrez edota zalantzarekin ateratzeak asko mugatzen du. Burua da asko. Fisikoki ondo egotea inportantea da, baina burua oso garrantzitsua da, indarra buruan daukagu.
Proba luzeetan eskarmentua izateak ere balioko du, ezta?
Proba motz edo luze bat oso desberdinak dira. Proba luze batean gauza asko kudeatu behar dira: nekea, logurea, elikadura, norbere gorputza ezagutu behar da… Nekatuta egotea zer den ere ezagutu behar da: nekearen sentsazio hori ez bada inoiz esperimentatu, ez da ezagutzen, eta orduan, errazago desmotibatzen da proba jarraitzeko.
Urte asko daramatzazu lasterketetan parte hartzen, eta beste kirol askotan bezala emakumeen parte hartzea txikia da horietan ere. Proben antolatzaileen aldetik emakumeen parte hartzea sustatzen al da?
Sustatu-sustatu ez nuke esango. Parekidetasunaren aldeko neurririk inork ez du hartzen, politikoki zuzena dena egiten dute gehienek; tarteka, ordea, gauza zatar batzuk ikusten dira oraindik ere. Baina sustapen lan hori inork ez du egiten, bereziki hori inork ez du lantzen. Azkenean, kirol mundua gizonezkoena da oraindik ere.