Ainhoa Garmendia eta Pello Ramirez goierritarrak, Antioko lehen kontzertuan
Bihar Antioko Musikaldiaren 34. edizioa hasiko da, Artxipielagoa ikuskizunarekin. Egitasmo honetan bi goierritarrek parte hartzen dute: Ainhoa Garmendia soprano legorretarrak eta Pello Ramirez biolontxelo jotzaile ordiziarrak. Andoni Egaña bertsolariak, Garikoitz
Bihar Antioko Musikaldiaren 34. edizioa hasiko da, Artxipielagoa ikuskizunarekin. Egitasmo honetan bi goierritarrek parte hartzen dute: Ainhoa Garmendia soprano legorretarrak eta Pello Ramirez biolontxelo jotzaile ordiziarrak. Andoni Egaña bertsolariak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, German Ormazabal piano jotzaileak eta Belen Ibarrola artistak ere Artxipielagoa proiektuan parte hartzen dute.
Emanaldia narrazio, abesti, bertsolaritza, musika eta bideo-proiekzio uztarketa bat da. Uhartez osatutako artxipielago bat, alegia. Euskal abesti klasiko eta modernoak abestuko dituzte eta ikusleek ere abestea nahi dute.
Besteak beste, Hara nun diran, Adio Euskal Herriari, Idiarena, Loa loa, Aldapeko, Aurtxoa seaskan, Ume eder bat, Nere herriko neskatxa maite, Txoria txori eta Xalbadorren heriotzean abestuko dituzte.
Hilaren 16an, berriz, Ainhoa Zubillaga mezzo-sopranoak eta Iñaki Salvador piano jotzaileak Voces de cine kontzertua emango dute. Pelikula ezagunetako abestiak entzuteko aukera egongo da. Besteak beste, Desayuno con diamantes, Dumbo, Dias de vino y rosas, Venus era mujer, El cazador, La mision, Sonrisas y lagrimas, El mago de Oz, Tacones lejanos eta Chicago.
Hirugarren kontzertua hilaren 23an izango da eta Sariranaga taldeak emango du. Talde hau Euskadiko Orkestrako bost lagunek osatzen dute, tartean, Sara Zufiaurre klarinete jotzaile urretxuarrak eta bere senarrak: Gabriel Mesado biolontxelo jotzaile kataluniarra.
Laugarren kontzertua Easo Eskolaniak emango du, hilaren 30ean. Abesbatza hau 1992an sortu zen eta mutikoz osatua dago. Antziñako musika lantzen dute batik bat, baina opera ezagunetan ere parte hartu dute.
Bosgarren eta azken kontzertua urriaren 1ean izango da, Ezkioko Igartubeiti baserrian. Emilio Villalbak eta Sara Marinak Erdi Aroko musika joko dute. Azken emanaldi hau 18:00etan hasiko da. Lehenengo lauak, berriz, 19:30ean izango dira, Antioko baselizan.
Autobusa
Kontzertuetara joan nahi dutenek autobusa edukiko dute, doan. Zumarragako Elizkaletik irtengo da, kontzertuak baino ordu erdi lehenago.
Musikaldia atzo aurkeztu zuten, Antion bertan. Mikel Serrano Zumarragako alkateak eskerrak eman zizkion aldundiari. Izan ere, egitasmo hau Aldundiak jarri zuen abian, musika landua herrialdera zabaltzeko. Debako musikaldia garai berekoa da. Antioko baselizaren lagunei ere eskerrak eman zizkien, urte hauetan guztietan eskainitako laguntzagatik.
Bukatzeko, aurtengo egitarauaren helburuetako bat gaz-teak erakartzea dela esan zuen.