Final-laurdenetan Oihana Iguaranek lortu du puntu gehien eta Iñaki Apalategi bigarren geratu da puntuazioan. Nerea Elustondo ere sailkatu da, eta Aitor Sarriegi hasiko da
Seguran jokatu zuten final aurrekoen kanporaketetako bat. Irudian Baratze pilotalekua jendez beteta / Bertsozale Elkartea
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurreneko faseak eman du berea. Final-laurdenetako seigarren eta azken saioa Tolosan jokatu zen larunbatean, eta han zehaztu zen finalaurrekora zein igaro diren, zein alboratu diren. Goierriko lau bertsolarietatik hiruk jo dute aurrera, eta laugarrena —Aitor Sarriegi— gehituko zaie orain.
Idiazabalen bizi den Oihana Iguaranek gogor jo du aldaba. Leitzako saioa irabazteaz gain, puntu gehien berak lortu du:?714. Zuzenean igaro diren sei saio irabazleen ondotik, puntuazioz beste 12 sailkatu dira. Horiez, 2013ko sei finalista ere lehian sartuko dira, 24 bertsolariko taldea osatu arte.
Apalategi bigarren
Puntuazio sailkapenean, Iñaki Apalategi beasaindarra 2. postuan geratu da (685), Agin Labururen atzetik, puntu batera. Nerea Elustondo seigarrena izan da (665). Sailkatu ez den goierritar bakarra Asier Otamendi urretxuarra da (24. postuan, 617,5).
Hala, finalaurreko lehenengo itzuliko lau saioetatik hirutan izango du eskualdeak presentzia. Aitor Sarriegik Irungo Artalekun kantatuko du, azaroaren lehenean. Nerea Elustondo Maulen ariko da, hilaren 4an; eta Oihana Iguaran eta Iñaki Apalategi Durangon, azaroaren 12an. Fase horretako aurreneko saioa Bastidan da, urriaren 28an.
Bi itzulira
Finalaurreko faseak bi itzuli izango ditu. Bi saioetako puntuak batuko dira. Baina lehenengo itzulian puntuazioz atzeko sei postuetan geratzen diren bertsolariak kanporatuak izango dira.
Bigarren itzuliko saioak Amurrion (azaroak 19), Donibane Lohizunen (azaroak 26) eta Iruñean (abenduak 2) jokatuko dira.
Hemezortzi bertsolariren artetik aterako dira Barakaldon abenduaren 17ko finalean ariko diren zazpi finalistak, finalaurreko bi itzulietako puntu baturatik. 2013ko txapelduna, Amets Artzallus, zuzenean iritsiko da finalera. Finalerako sarrera guztiak saldu dituela argitu du asteburuan Bertsozale Elkarteak.