«Mundua zenbateraino aldatu den konturatzeko balio du atzera egiteak»
Josean Mujika (Beasain, 1957) arkeologoa da. Historialaria da, Historiaurrean aditua. Aranzadi Zientzia Elkartean eman zituen bere lehen urratsak, baina gero ...
Josean Mujika (Beasain, 1957) arkeologoa da. Historialaria da, Historiaurrean aditua. Aranzadi Zientzia Elkartean eman zituen bere lehen urratsak, baina gero Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle lanean hasi, eta zailagoa egin zitzaion Gasteizen (Araba) lan egin eta Donostian (Gipuzkoa) Aranzadiko kide aktiboa izatea. Egun noizbehinka hango kideekin lanean aritzen da; Sonia San Joserekin eta Xabier Peñalverrekin, besteak beste. Azken urteotan Aralar aldean orain milaka urteko aztarnak bilatzen eta aurkitzen dihardu.
Nondik datorkizu arkeologiaren harra?
Gure etxean bagenituen garai haietan argitaratu ziren entziklopedia bat eta Jose Migel Barandiaranen Obras completas bilduma. Lehenengoan euskal gai ezberdinak –historikoak, eta abar)– aztertzen ziren eta bigarrenean gai etnografikoak, mitologikoak eta arkeologi-koak; azken hauek zailagoak ziren ulertzeko.
Bestalde, gurasoekin mendira joandakoan, eta batez ere aitarekin artzaintzaren inguruko egiturak, meategiak, eta abar ikusita, haiek ere jakin-mina piztu zidaten. Azkenean arkeologo egin nintzen.
Egun zertan zabiltza? Zer ikertzen? Nora begira?
Azken urteotan Aralar aldean gabiltza lanean. Ezagutu nahian gabiltza hango paisaia eta biztanleen bizimoduak nola aldatzen joan diren. Bestetik, Deba aldeko haitzulo pare batean –Astigarraga eta Aizkoltxo– lanean ari gara Azkoitiko Munibe taldeko kideekin –Juan M. Arruabarrena eta Jabier Alberdi–. Azken Izotz Aroko ehiztari-biltzaileen aztarnak aztertzen ari gara.
Nolakoak ziren Goierriko paisaiak orain 125.000 urte?
Erdi Paleolitoa zen. Klima askoz ere epelagoa zen eta Goierriko haranetan egun imajina ezin ditugun animaliak zeuden: oreinak, lehoinabarrak, elefanteak eta tximuak ere bai. Beheko aldeko herrietako gaurko lurrak ez zeuden bistan, errekak, garaiaren arabera, 40 metro altuago zeudelako. Garai hartako paisaiak, florak, faunak ezta klimak ere ez zuten egungokoekin zerikusirik.
Noizkoak dira Goierrin aurkitu dituzuen lehenengo aztarnak?
Epel aldiaren ondoren azken Izotz Aroa iritsi zen, orain 100.000 urte inguru eta garai hartakoak dira Aralarren aurkitu ditugun aztarna zaharrenak. Neandertal gizakiek egindako tresnak dira. Adibidez, karraskagailuak: erauzitako harri printzekin egindako gailuak dira, besteak beste larruak garbitzeko erabiltzen zituztenak.
Zer dator ondoren?
Gero hutsune bat daukagu Goierrin. Aztarna gehiagorik ez dago orain dela 25.000 urtera arte.
Nola liteke?
Garai hartako gizakiak ez zirensoilik kobazuloetan bizi. Guk aztarnak, batik bat, kobatan aurkitu izan ditugu bestelako tokiekin topo egitea eta haietan aztarnak egotea ez delako batere erraza. Goierrin kobak goietan daude, Ataun aldean, esate baterako. Beasain, Ordizia edo Idiazabalen ez dago eta non bilatu ere ez dakigu.
Nor bizi zen Goierrin orain 25.000 urte?
Homo Sapiens Sapiens-a Afrikatik eta Ekialde Hurbiletik iritsi zen eta bertakoekin nahastu zen. Goi Paleolitoa da (40.000-11.500 urte). Eboluzio bat zen. Garai haietan ehiza teknika garatuagoak erabiltzen hasi ziren –lantza puntak edo azagaiak, arrankaziak edo arpoiak–. Margotutako piezak ere agertuko dira.
Artea?
Joera bat dago arte adierazpenak bat-batean duela 40.000 urte hasi zirela pentsatzeko. Aitzitik, adierazpen horiek ugaltzen diren garaiak ezagutzeko ditugu. Artea Goi Paleolitoan ugaltzen da, baina orain 80.000 urteko aztarnak ere aurkitu dituzte Afrikan.
Azken Izotz Aroko ehiztari-biltzaileak aipatu dituzu hasieran. Haien aztarnak aurkitu al dituzue Goierrin?
Ataungo Usategi koban ehiztari-biltzaile talde bat denboraldi batez egon zela badakigu. Ehizaren atzetik etorriko ziren, nomadak ziren eta fruituak –hurrak– non zeuden ere jakingo zuten.
Andoni Tarriño geologoaren lanari esker, Urbasan suharria zegoela jakin dugu eta hura asko ustiatzen zutela. Ehiztari haiek ehizara iritsiko ziren, eta bide batez, Urbasara joango ziren tresnak egiteko suharriaren bila.
Nomadak zirela esan duzu. Zenbateraino mugitzen ziren?
Mediterraneoko muskuiluak Isturitzen (Lapurdi) nola Asturiasen aurkitu dituzte. Mugitzen ziren eta aurkikuntza on bat asmatuz gero, zabaldu egiten zen. Kulturatzat hartzen ditugunak –Solutre edo Magdalen aldiak– lurralde zabal batean tresna jakin batzuk asmatu eta zabaldu zirelako da, eta haien aztarnak Dordoñan (Frantzia) zein Asturiasen aurkitu ahal dira.
Zein aro dator gero?
Azken Izotz Aroaren amaieran egungo klima sortzen da orain 11.500 urte inguru. Tresna batzuk azaldu dira Ondarre inguruan, Aralarren. Ataunen arpoi bat agertu zen Azil aldikoa (Mesolitoa). Klima aldatu zen eta basoa ugaritu zen. Pinudiak gutxitu eta haritzak, ezkiak zein hurritzak ugaldu ziren. Animalia batzuk desagertu ziren: lehoinabarrak, leize hartzak, lehoiak… Gizakiak teknikak aldatu zituen, esate baterako, arkua garatu zuten. Gurean aztarna txikiak daude garai hartakoak. Esan liteke azken ehiztari-biltzaileak izan zirela, egungo kliman bizi izan zirenak jada.
Neolitoa da hurrengo geldialdia.
Bai. Harria leundu zuten eta aizkorak eta abar egin. Zeramika lantzen hasi ziren eta animaliak zein landaredia etxekotzen. Ekialde Hurbiletik etorri ziren aurrerapen horiek guztiak. Ardiak eta ahuntzak handik ekarri zituztenaren zalantzarik ez dago, gurean ez zeuden. Hemen basabehiak edo uroak eta basurdeak zeuden, gerora behi eta txerri bihurtuko zituztenak.
Gipuzkoan ez dago aztarnarik apenas Neolito oso aurreratu batera arte. Aldaketa orain 6.000 urte dator.
Heriotzaren trataerarekin?
Bai, hildakoak ordura arte ezkutatu egiten zituzten. Neolitoan lehenengo herrixkak sortu ziren eta hilotzentzat eraikuntzak egiten hasi: trikuharriak dira. Naturan dauden haitzulo eta koba txikiak aprobetxatu zituzten, eta trikuharri haiek paisaia banatzen zuten. Erreferenteak izango dira eta mugarri.
Errausketak beranduago hasi ziren, orain 3.000 urte inguru, Burdin Aroan. Ziur aski jendea kanpotik etorri eta haiekin iritsiko zen errausteko ohitura.
Aralarko Ondarreko harrespilaren aurkikuntza berezia izan zen, ezta?
Ilusio handia egin zigun. Ondarreko harrespila aurkitzean arazo bati erantzuna eman genion. Izan ere, Leitzaran (Nafarroa)?arte bazeuden baina gurean ez. Ondarrekoa hemen ere bazeudenaren froga izan zen. Hasieran bi harri zirenak borobilean jarritako 35 harri bihurtu ziren indusketa egin ondoren.
Zuk harriak bestela ikusten dituzu, ezta?
Harri bat ikusi eta naturak dagoen moduan egokitu baino, gizakiak jarritakoa dela konturatu zaitezke.
Historian horren atzera egitea zertan da baliagarria?
Mundua zenbateraino aldatu den konturatzeko, eta bide batez, egungo egoerak era irekiagoan ikusteko balio du. Sarritan iragana aztertuz etorkizuna ezagutu nahi dugu, baina hori ezinezkoa da. Ikerketa arloan iraganaren ezagutza aldatuz doa eta aztertzen dugunon ikuspegia ere bai.