Klasika, danborrada eta musika
Eguraldi aldaketa izan da lehenengo jai eguneko ezaugarrietako bat. Santikutz Klasikoa Oier Lazkanok irabazi du, eta haur danborradak ateri eutsi dio.

Santikutz Klasikoaren 86. ekitaldia egin zuten atzo. Caja Rural taldeko Oier Lazkano iritsi zen lehena helmugara eta Mikel Mujika legazpiarra 15.a izan zen. «Gogorra izan da» zioen Mujikak proba amaitu eta berehala. «Deskargako portua oso azkarra izan da». Goizean, Klasikorako, eguraldi tropikala egin zuen Legazpin, eguzki betea eta heze-epela. Arratsaldean haur danborradaren atarian zaparrada bota zuen arren, hura ere tropikala, ateri eutsi zion danborradak Laubidetik kalera egindako bidean; areago, ateratzean ibilbidea laburtzeko asmoa izan bazuten ere, osorik bete zuten.
Horiek atzoko egitarauaren mugarrien kronika laburrak. Gehitu dakieke Klasikoa pixka bat katramilatsua izan zela hainbat istripu egon zelako; erorikoak eta motorrek harrapatutako txirrindulariren bat ere egon zen.
Bestelakoan, Danontzako bolatokian giroa sortu zuten zaleek. Juan Mari Iñurritegi legazpiarrak irabazi zuen atzoko lehia 36 birlarekin. Parte hartzea oparoa izan zen; Xeferiño Agirre, Jose Luis Agirre eta Iñaki Maizek osatu zuten podiuma hurrenkera horretan.
Arratsaldean haurren danborren hotsei bestelako musika motek hartu zioten lekukoa. 3zpa4-ren emanaldia, Bentazaharreko Mutiko Alaiak eta Kontuz Erromeriya taldeen emanaldiak. Gaur, bertako ganadu feriarekin hasiko da eguna.
Gaurko egitaraua
· 09:30. XI. Herriko Ganadu feria, Kale Nagusian, 13:30era arte.
· 10:30. Arkume prestaketa, Burruntzi erara, Kale Nagusian.
· 11:00. Haur eta gaztetxoen Bola txapelketa.
· 12:30. VII. Sagardo Dastaketa Kale Nagusian.
· 18:00. Dantza Sueltoko 38. Txapelketa, plazan.
· 13:00. Arkume pintxo dastaketa.
· 14:30. Haur eta familien bazkaria.
· 23:00. Herri danborrada.
· 00:30. Su artifizialak.
· 00:45. Rockalean, Zo-Zongo.













