Lehen egunean hiru herritan alkate
Idiazabaldarrek San Adriango eguna ospatu dute, udalak eratu biharamunean. Iñaki Alberdi udalburu izendatu berriari Zegaman eta Seguran alkate-makila utzi diote, ohitura zaharrean.
Oro har, sintonia onean eta aldarte goxoan hasi da Goierrin 2019-2023 agintaldia. Udalak eratzeko batzarretan hitz politak, elkarlan keinuak eta ulermenerako intentzioa gailendu ziren, larunbatean. Idiazabalgo alkate berriak hurrengo egunean ere esker oneko ekitaldi batekin hasi ahal izan du langintza: San Adriango eguna ospatu behar zutela eta, Zegamako eta Segurako alkateek herriko aginte-makila bere esku utzi dute.
Aspaldiko ohitura da idiazabaldarren ospakizun hori. Oinez Sandratiko kobaraino joan, Aizkorriko pasabide naturalera, eta meza egiten dute. Aurten, gainera, Zegamako San Kiriko ospakizunarekin bat etorri da, eta bi herrietakoek bat egin dute Leizarraten. Idiazabalera itzuleran, Zegaman eta Seguran geldialdiak egiten dituzte.
Iñaki Alberdi idiazabaldarra lehen aldiz sartu da udalean, eta alkate makila hartu du (zinegotzi guztien aldeko botoarekin, 11). Hogeita lau ordu betetzerako, Zegamako eta Segurako buru ere izan da, ordubetean bederen.
Zegamarrek harrera egin zieten jaian, urteroko moduan, eta Joseba Izagirre alkateak eman zion alkate-makila: «Iñaki Alberdik atzo hartu zuen alkatetza, eta gaur agintaldia Zegaman hasi du. Ordubetez, Zegamako alkate bera izan da. Bakoitzak bere herrian nahiko lan izango dugula esan diot, eta hobe izango dugula nor berean aritzea», zioen Izagirrek, umorez.
Hurrena, Seguran errepikatu zuten usadioa. Izarra Urdalleta alkateak —estreinakoz da udalburu— harrera egin, eta hango makila utzi zion Alberdiri. Mokadua jan eta fandango bat dantzatuta, Idiazabalen bukatu zen.
Alkateak bertsotan
Larunbateko udal osaerek eta kargu hartzeek printza ugari utzi dituzte. Koloretsuenak, agian, Ataunen eta Beasainen. Martin Aramendi eta Aitor Aldasoro alkate izendatu berriek bertsotan egin dute agintaldiko lehen diskurtsoa. Bertsozale porrokatuak dira biak ala biak ere.
Aldasorok hiru bertso bota ditu, buruz eta paperik gabe. 2015ean ere hala egin zuen. «Gu hamazazpi gatoz, hori da baldintza; orain bete dezagun, emandako hitza» bukatu du bat. «Udal paletan, hiru koloretan; batzuk ernaldu gabe, besteak loretan; koadro bat egin nahian, lau urte hauetan; herritarren mesede eta ohoretan» errimatu zituen puntuak bigarrenean.
Aramendi ataundarrak ere kantuan hartu du «lekukoa». Bi bertsoren kopiak publiko artean banatu, eta denek kantatuz bukatu da batzarra, Haizea dator ifarraldetik doinuan. «Ea asmatzen dugun tonuari eusten lau urteotan», iguriki du sare sozialetan. «Garagarrilak hamabost ditu, eta ez dugu ahazten/ herri izatera heldu ginela honelako egun baten» hasi da, eta «udalgintza den kate luze hau, ehunka urtez ez da eten» segitu du.
Batzuk lepo, besteak huts
Herriz herri, udalbatzarrek sortu duten tenperatura oso bestelakoa izan da. Aretoak goraino bete dira batzuetan; Ordizian, jendea lurrean eserita egon zen. Herriko domina da ezaugarri han zinegotzientzat, eta giro onez eta denentzako txaloz animatu zituzten herritarrek.
Altzagan ere aretoa bete da. Udaletxeko giltzak eskuz aldatu dituzte irtendako eta sartutako alkateek. Ospatzera, talde bakoitza bere lekura joan da gero. Araman, bost zinegotzi mahaian, Iker Irribarria pilotari txapelduna tartean. Eta batzarra ikusten, haren aita bakarrik. Kafea denek batera hartu dute, ondoren.
Ormaiztegin, alkate segiko duen Jon Enriquek aurreko zinegotziak eskertu ditu, banaka izendatuz. Olaberrian, lehen aldiz emakumeak dira gehiengoa udalbatzan (lau, hiru gizonen aldean). Hurrengoan, alkatea ere hala izateko desioa agertu du Jokin Garmendia udalburuak.
Udaltzainburuek ere lan gehigarria izan dute; herri hazienetan haiek bildu dituzte zinegotzien botoak. Beste batzuek ahots gora egin dute bozketa.