Eztei bidaian, euskara ikastera Maizpidera
Haisul Y.C. Chang taiwandarra eta Ruben Maeztu iruindarra euskara lantzera etorri dira Lazkaora, ezkondu ondorengo oporrak baliatuta. Zoratzen daudela diote, eta hizkuntza ikasten jarraitzeko gogotsu.
Maizpideko hondartzatik, euskararen itsaso zabalari begira ari dira igarotzen eztei bidaia Ruben Maeztu eta Haisul C.Y. Chang. Ekainaren 1ean ezkondu ziren, eta dagokien oporraldia euskara ikasteko erabiltzea erabaki dute. Hiru asteko ikastaroa hartu dute Maizpiden, eta ez dira damutu. Gozatzen ari dira Lazkaoko oporraldian, Nor-Nori-Nork eta gramatikako zeruertzei begira.
«Biok oso motibatuta gaude euskararekin, ikasteko gogoa daukagu. Ezkondu ondorengo oporretan sakontzeko gogoa geneukan, eta Maizpidera etorri gara», azaldu du Ruben Maeztu iruindarrak. «Ez zaizkigu bidaia handiak eta luxuzko tokiak gustatzen. Sinpleak gara, ez gara estilo horretakoak», zehaztu du.
Aurretik, duela hiru urte hasi ziren euskara ikasten, Iruñean bertan. Haisul taiwandarra da, eta 14 urte egitera doa Iruñean bizitzen. Hark piztu zion, gainera, Ruben bikotekideari euskararen sugarra. «Behin, harategian, harakinarekin euskaraz ari nintzela ikusi ninduen Rubenek. Momentu hura erabakigarria izan zen berarentzat», dio Haisul Changek, euskaraz tapa-tapa.
«’Ez da posible’, esan nuen. Haisul taiwandarra izanda euskaraz, eta nik ez nekien. Iruñean lehenago ez neukan euskararekin batere harremanik. Haisulek nik baino lehenago ez zuela ikasiko bota nion erronka, eta horretan ari gara», dio Maeztuk.
Esan eta egin. B1 mailako ahozko azterketa lehengo astean egin zuen Maeztuk. Konfiantza hartu eta beldurra galdu du Maizpiden. «B2 mailarekin pentsatzen dago orain», gehitu du albotik Haisulek.
Soinua eta erritmoa, polit
Ikastea gustatzen zaio Haisuli. Larunbatetan, Iruñean —astean zehar Madrilen lan egiten du—, liburutegira joan eta bere kabuz aritzen da euskara lantzen. «Batzuetan kalean entzuten nuen euskara, eta soinu eta erritmo oso bereziak iruditzen zitzaizkidan. Inoiz ez nuen halakorik entzun, eta erakarri ninduen».
Zaletzen eta zaletzen joan zen, denborarekin. «Geroz eta hitz gehiago ikasi nituen. Zorionez, kuadrillan gehienak euskaldunak dira, nahiz eta ez duten ohiturarik euskaraz aritzeko. Maizpidetik joandakoan, saiatuko naiz eginaraztean», dio Changek. Taiwandarra euskararen eragile Euskal Herrian, alajaina.
Ilobek euskara ikasten dute ikastetxean, astean lau ordu. «Gure artean euskaraz egiten dugula ikustea garrantzitsua da haientzat», borobildu dute.
Txinera-euskara buruan
Jarrera aktibo eredugarria daukate Maeztuk eta Changek euskararekiko. «Lehengo larunbatean, film bat euskaraz ikustera joan ginen. Haurrentzat zen, baina guk ultzertzeko maila hori behar du», diote, kementsu. «Euskarazko produktuak kontsumitzen bukatuko dugu», ebatzi du, ziur, taiwandarrak.
Haisul Changek, alabaina, urrutiago dauka begirada jarrita: «Munduan euskara jende gehiagok ezagutzeko ekimena daukat buruan, denborarekin egin nahiko nukeena: japonieraz bai, baina txineraz ez dago euskara ikasteko ezer, eta hiztegi edo metodo bat egin nahi dut».
Taiwanera, txinera eta japoniera menderatzen ditu, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesaz gain. «Euskara gaztelaniarekiko desberdina da, baina txinerarekin eta japonierarekin —lehenengotik eratorria—, oso antzekoa da. Txinerak 5.000 urtetik gora ditu, euskarak beste horrenbeste; eta bietan hitz ordena berbera da».
Euskarak bikote ugari uztartu ditu Maizpiden. «Baina eztei bidaian etorri den lehen bikotea da», dio Laida Begiristain zuzendariak. Ruben uztailean itzultzekoa da Lazkaoko euskaltegira. Maitasuna, euskaratik eta euskarentzat ere gainezka daukate.
Zientzia, natura eta artea maite dituen bikotea
Erizaina da lanbidez Ruben Maeztu. «Paziente euskaldunak baditut, eta haiekin hitz egiteko oso ondo etorriko zait euskara». Eskalatzailea da, afizioz. «Kirol lasaia da: jende gutxi, zaratarik ez… Erlaxatzeko, meditazioa bezalakoa da».
Haisul C.Y. Chang Taipeikoa da jaiotzez, Taiwango hiriburukoa. Uztailean etxera joango da bisitan, gurasoak eta lagunak ikustera, bi urtean joan gabe egon ostean.Biologoa ikasketaz, mikrokirurgialari esperimentala da Chang. Laborategian lan egiten du, saguei bihotz trasplanteak eta ebakuntzak egiten. «Hiru orduko ebakuntzak izaten dira. Oso pultsu ona behar da, lo ondo egin eta kontzentratu».
Duela urtebetetik, Madrilen egiten du lan, eta hango Euskal Etxera joaten da, «astean bi edo hiru aldiz. Euskaraz egitera eta txistua jotzera. Txistularia ere bai baita. Margolaria ere bai: olio-pintura lantzen du. Eta bitxigilea. Zilarrezko bitxi ederrak egiten ditu, zuzendariak hatzean duen eraztuna lekuko.Perretxikuzalea ere bada. «Jendeak atzera uzten dituen dudakoak, niretzat! Biologoa naizenez, ondo bereizten ditut». Umorea ere mundiala du.