«Aldarrikapen egunak baino, nahiago nuke festa izatea»
Talidomidaren kaltetuen aldeko aldarrikapen asteburua antolatu dute Legorretan. Botika hura hartzeagatik ondorioak jasandako Mariano Garmendia egungo egoeraren inguruan mintzatu da.
Zein da une honetan Talidomidaren kaltetuek bizi duzuen egoera?
Espainiar Estatuko gobernuak 2018ko aurrekontuetan, diru partida bat onartu zuen Talidomidaren kaltetuei kalte ordaina emateko. Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa aurkeztu eta PPk bere aurrekontuari emendakin bat jarri zion gure kalte ordainak igotzeko. PSOEk ezezko bozka, EAJk abstentzioa eta gainontzekoek baiezkoa bozkatu zuten. Emendakina beraz onartu egin zuten. Horri esker elbarritasun puntu bakoitzagatik 12.000 euro jasotzea dagokigu.
Eta jaso al duzue dagokizuena?
Momentuz ez, azterketa mediku baten menpe gaudelako. 2018an hasita, Talidomidaren kaltetuek mediku azterketa hori egin behar izan dugu. Talidomidaren kaltetu ofizial izateko, azterketa horren txostena behar da eta horrekin suposatzen da kalte ordaina jaso beharko genukeela.
Zuk zeuk pasa al duzu?
Bai, 2018ko otsailaren 12an pasa nuen. Urte eta erdi igaro da dagoeneko eta oraindik ez dakit ezer.
Espainian oraintxe gobernua osatzeko dauden arazoek eragina al dute zuen kasuan?
Noski. Baina oraingoak bakarrik ez, aspalditik dago gure gaia geldituta. Dena den, oraintxe nahiz eta gobernua funtziotan egon, nahiko balute, gaia ez litzateke geldirik egongo. Gainera, azterketa medikua pasa dugunoi eta Talidomidaren kaltetuak garela aitortu ondoren, legez behartuta daude kalte ordainak ordaintzera, 2018. urteko aurrekontuetako diru partida bat delako.
Egoera horren aurrean zer?
Uztailean salaketa ipini genion Espainiar Estatuari, funtzioen gelditzea argudiatuta, 2018ko aurrekontuan onartutakoa bete ez dutelako eta oraindik azterketa medikuak egiteko gelditzen direlako besteak beste. Oraintxe zain gaude.
Borroka luzea izaten ari da eta animoak nola daude?
Denbora honetan epaileek arrazoia eman digute beti, baina delitua preskribatuta zegoen. Oraingoan, teorian, arrazoia emateko aukerak daude.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik babesik jaso al duzue?
Talidomidaren kaltetuak garela onartu dute. Protokoloa ederki bete zuten eta kaltetuen emaitzak Madrilera bidaltzen lehenetarikoak izan zirela uste dut.
Baina politikoki ez dute ezer egin. Esan bezala, 2018ko estatu aurrekontuetan EAJ abstenitu egin zen.
Bestalde, Avite da Talidomidaren kaltetuen elkartea. Zenbat kidek osatzen duzue?
Ia 300 bazkide gaude. Kalte ordaina jasotzeko azterketa medikua pasa dute guztiek. Avite barruan ez dauden beste hainbat kaltetu ere badaude. 500dik gora gara Espainia guztian gauden kaltutetuak. Goierrin lau gara kaltetuak. Dena den, seguru nago Talidomidak kaltetuta daudenak baina horrela denik ez dakiten pertsonak ere egon egongo direla.
Susmoa dutenek, zer egin dezakete?
Avite elkartearekin harremanetan jar daitezke. Izan ere, gaur-gaurkoz mediku azterketen bidez, deskarte bidez eta analisi genetikoa eginez, ehuneko oso altu batean Talidomidagatik kaltetua den jakin daiteke.
Izan ere, urte askoan komertzializatu zen medikamendua da
Bai, hala da. 24 urtez. Dena den, legalki komertzializatu baino lehen, badaude arrastoak Talidomida Espainian sartuta egon zela esan ahal izateko.Talidomidaren probak kontzentrazio esparruetan egin zituzten. Franco eta Hilter oso ongi konpontzen ziren, horregatik, susmoa dago Espainia ere probaleku izan zela. Hortaz, jakin bazekiten medikamentu horrek hainbat kalte sortzen zituela. Ez zuten ekiditeko ezer egin.
Dauzkan ondorioak ez balitu, penizilinaren pare egongo litzateke. Estatu Batuetan ikertzen ari dira eragin negatiboak ea ekidin daitezkeen. Minbizia eta lepra sendatzeko ere erabili izan da.
Azkenik, legorretarrak beste behin babesa erakutsiko dizuete asteburuan?
Aurtengoa elkartasun asteburuaren hirugarren edizioa izango da. Pikuk kirol taldeak ekin zion eta Avitekoek ederki hartu genuen. Urtero babesa sentitu dugu eta aurten ere hala da. Krosean 150 bat lagunek parte hartuko dute. Afaltzen 106k eman dute izena. Jende askok parte hartuko du. Asteburu potentea izango da. Legorretarra izateaz harro nago, herritarrek eta elkarteek asteburuko ekintzak antolatzen lagundu izanagatik.
Hala ere, aldarrikapen egunak baino nahiago nuke festa bihurtzea asteburu hau. Arazoa bukatu denaren seinale izango da hori.
Talidomida asteburua egingo dute Legorretan
Talidomidak kaltetutako pertsonei elkartasuna adierazi nahian, egitarau oparoa antolatu du biharko eta etzirako Pikuk kirol klubak Legorretan , herriko beste hainbat eragileren laguntzarekin.
Bihar, Aspanogiko kideen hitzaldia izango dute (19:00) eta gauean, El Deseo del Doctor taldearen kontzertua Herri Antzokian (23:00).
Larunbatean, oinezko martxa (11:00), artisautza azoka (11:00-20:00), marrazki lehiaketa (11:30) eta buruhandiak (13:00) ere izango dira.
Arratsaldean, berriz, Talidomidak kaltetuen aldeko hirugarren lasterketa egingo dute (18:30). Lasterketan parte hartzeko izena ematea zabalik dago Kirolprobaken webgunean. Krosaren ondoren afari herrikoia egingo dute.