Ikuslerik gabeko Loinatz jaiak
Ekintzak telebista edo Internet bidez jarraitu behar izan dira. Kalean ohi baino giro gutxiago sumatu da. Banderarekin apaindutako balkoietan egon da festa
Loinatz jaietako egitarau ofizialik ez zen kaleratu, baina horrek ez du esan nahi Beasainen ekintzarik egon ez denik. Auzoetan egitarau alternatiboak prestatu dituzte, eta Internet eta telebista bidez jarraitzeko hainbat ekitaldi ere izan dira. Pilaketak ekiditeko, baina, ikuslerik ezin izan da hurbildu, eta kalean ohi baino giro gutxiago sumatu da. Atzo, Beasainen jai eguna izan arren, askok lanera joan behar izan zuten itxialdian galdutako orduak berreskuratzeko.
Eguerditik aurrera piztu zen giroa, ordea. Bereziki gazteenen artean, kuadrilletako blusak jantzita plazak koloreztatu baitzituzten. Festerako gogoa izan arren, giroa lasaia zen: terrazetan eserita eta segurtasun tarteak zintzo errespetatu ziren. Ohiturari jarraiki, bazkariak ere izan ziren herriko jatetxeetan.
Inoiz baino Mari gehiago
Mari bakarra etorri beharrean auzo bakoitzera sorgin txiki bat heldu zen ostiralean. Herriko auzo askotan balkoitik balkoira antzeztu zuten Mariren etorrera. Danborrada ere balkoietatik egin zuten eta mozorroak prest dituzte asteburu honetarako.
Beasaindarrek dotore apaindu dituzte balkoiak. Herriko banderolak salgai egon dira asteburuan zehar eta ugari ikus daitezke balkoietatik zintzilik.
Txistulariak eta zanpantzarrak ere irten dira kalera asteburuan. Aurten aurrez aurreko sokadantzarik egon ez den arren, bakoitzak bere kabuz grabatu du aurreskua eta Goierri Telebistaren bidez eskainiko dute.
Olatz eta Jagoba Salvadorren kontzertua ere sarean eta telebista bidez jarraitu behar izan zen. Salvadortarrak Igartza jauregitik aritu ziren, baina aurrean telebistako langileak besterik ez zeuden. «Egia esan oso arraroa da. Abesti bat bukatzean publikoaren erreakzioa faltan» sumatu duela zioen Olatzek, kontzertua amaitu berritan. «Egoerak behartuta publikorik gabeko ekitaldien aldeko apustua egiten ari dira asko. Espero dezagun puntuala izango dela, publikoa oinarrizko elementua delako», gaineratu zuen Jagobak.