Oiangun dago ikasgela
Oiangu Natur Eskola martxan dago berriro ere Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik eta Ordiziako Udalaren laguntzarekin. Jakintzako eta Urdanetako ikasleek parte hartuko dute
Eguraldi bikainaren laguntzarekin hasi du ikasturtea Oianguko Natur Eskolak, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, eta Ordiziako Udalaren laguntzarekin. Maiatzaren 31 arte, ikasgela paregabea izango dute herriko gaztetxoek.
Atzo aurkeztu zuten ekimena, Oiangu parkean bertan, Maitane Alvarez alkateordeak eta Aranzadiko kideek, eta xehetasun guztiak eman zituzten. Natur eskolan, Jakintza ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek parte hartuko dute. Helburua da, herriko txikienek, etxetik gertu duten duten naturguneetara gerturatzea, eta Oiangu altxor handi bat da. Alvarezek berak hala deskribatu du: «Ordiziarrontzat gure leku kuttuna da Oiangu, eta haur garenetik ingurune horretara jotzen dugu, azkenean, asko direlako parkeak eskaintzen dizkigun aukerak». Horregatik, beste behin ere, abiarazi dute Oiangu Natur Eskola: «Ordiziarrak Oiangu gertutik ezagutzeko aukera izatearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu».
Hala, herriko gaztetxoak naturarekin harreman zuzenean egoteko aukera izango dute, eta Oiangun bertan egingo dituzte, tailerrak eta hainbat jolas, Aranzadi Zientzia Elkarteko begiraleen gidaritzapean. Ikasleak eurak, dinamika desberdinekin deskubrituko dituzte Oiangun dauden harribitxiak.
Aranzadiko kideek ere modu oso positiboan hartu dute Natur Eskolaren hasiera berri hau: «Urtero egiten dugun balorazioa oso ona izaten da. Proiektuaren helburu nagusietako bat da haurrak naturarekin esperientzia zuzenak izatea, honekiko erlazio afektibo bat eta naturarekiko errespetuzko jarrerak sortuz». Ekintza dinamikoen eta elkarlanean jarduten dute Natur Eskolan eta duen berezitasuna da, «Oianguko biodibertsitatera egokituta dauden ekintzak» egiten dituztela: «Bertako landare eta fauna ezagutzen dituzte, hala nola, sagastia eta putzua».
Alkateordeak honela osatu du: «Garrantzitsua da txikitatik naturarekiko lotura mantentzea, onura izugarriak dakartza eta. Ez bakarrik gaitasun motorra lantzeko aukera paregabea eskaintzen duelako, elkarren artean harremanak sendotu, eta ikasketa prozesuan garrantzitsuak diren gaitasunak hartzen dituztelako, baita ere gure ingurunea behar bezala zaintzeak duen garrantziaz jabetzen baitira».