Argazkiekin egindako lorategia
'Loreak eta +' erakusketa gidatua egingo dute etzi Nafarroa 23 estudioan. Loreen inguruko argazkiak izango dira eta adituek xehetasunak azalduko dituzte
Loreak eta argazkiak uztartuko dituzte etzi Nafarroa 23 estudioan, Loreak eta + erakusketa gidatuan. «Loreen inguruko argazki mordoxka bat izango dira eta Haziak lore-dendako Haizeak lagundu egingo dit, informazioa osatuz: zein garaitakoak diren, non hazten diren, zer komeni zaien eta zer ez… Lore batzuk fisikoki ere estudioan izango ditugu», aurreratu du Jose Mari Telleria argazkilariak eta antolatzaileak. 17:00tetan hasiko dira bisitak, baina plaza guztiak beteta daude.
Segurtasun neurriengatik talde txikietan banatuta egingo dute bisita. Saioak arrakastatsuak ari dira izaten eta iragarri bezain laster agortzen dira tokiak. Telleria jendearen erantzunarekin gustura dago. Halere, egoera ez da lan egiteko aproposena: eduki mugatua izateaz gain aurreikuspenak hankaz gora jarri zaizkio. «Apirileko saioa atzeratu beste erremediorik ez genuen izan, eta hau aurreratu egin dugu».
Erakusketarako argazkiak «handik eta hemendik» lortu ditu Telleriak. «Argazki batzuk propio erakusketarako ateratakoa dira. Batzuk estudioan atera ditut, beste batzuk kanpoan, beste batzuk lore-saltzaile baten negutegian… Loreak ardatz dituzten paisaia-argazkiak ere izango dira, eta horiek bai dira urteetan ateratzen joan naizenak: 2018an, 2019an… 2020an ezin izan genituen nahi beste atera». Loreei argazkiak ateratzea gustatzean zaiola aitortu du, duten koloreengatik, formagatik… ikusgarriak eta ederrak direlako.
Sorpresa
Erakusketak bigarren zati bat ere izango da: telebista batean bospasei bidaia-argazki txandakatuz joango dira. Provenzara, Flandriara, Kataluniara… egindako bidaiak ikusiko dira, eta hauek ere azalpena izango dute: «Bidaiak nola antolatu genituen, bitxikeriak, nondik norakoak…», aurreratu du. Bidaiatu ezin den garaiotan argazkien bidez lekualdatuko da ikuslea.