Ikasleek basoak babesteko eskatu dute
Beasaingo bost ikastetxeetako ikasleek inguruko basoen azterketa egin dute eta ondorioak udal agintariei aurkeztu dizkiete. Kezka eta konpromisoa agertu dute
Beasaingo ikasleek herriko basoak kutsatuta daudela ondorioztatu dute. Eskola Agenda proiektuaren Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuen artean basoen egoera aztertu dute eta kezkatuta amaitu dute. Zaborrak eta hondakinak botata aurkitu dituztela eta autoek airearen kalitatea txartzen dutela azaldu dute.
Leire Artola alkateari eta Adur Ugartemendia Lurraldea Saileko batzordeburuari egoeraren berri eman diete, eta neurriak eskatu dizkiete. Udalak Bista Alai kaleko bideko itxitura berrituko dutela erantzun die, Sagastiguti parkera autoei sarrera eragozteko; zakarrontzien hustuketa eta garbiketa indartu dutela ere esan die. Sagastigutin, esaterako, astean hiru bider husten dira orain, edukiontziek gainezka egin ez dezaten. Halere, ikasleei esan diete zaborrontzien kopurua handitu beharrean hobe dela bakoitzak bere zakarrak etxera eramatea eta bertan egoki kudeatzea, lurrera botatzea baino; zuhaitzak soilik gaixorik daudenean, erortzear daudenean eta udalerriko azpiegituren instalazioetan arazoak sortzen dituztenean mozten dituztela azaldu diete, beti adituen oniritziarekin.
Ikasleek gizalegez jokatzeko ardura hartu dute. Basoak eta bertako bizidunak zaindu eta errespetatuko dituztela zin egin dute, zaborrik bota gabe eta lurrean dagoen jasota; ingurune naturalak gehiago baloratuko dituztela esan dute. Izan ere, atera duten ondorioetako bat da gaztetxoek ez dituztela natur inguruneak behar bezala ezagutzen. Ikasleen artean mendira joatea aisialdiko lehen aukeretako bat ez denez, ez dute inguruko “altxor naturala” ezagutzen, zuhaitz eta landare espezie ezberdinez osatutako biodibertsitatea. Asteburuetan txangoak egingo dituztela hitz eman dute, tabernetan sartuta egon beharrean.
Covid-19aren eragina
Beasaingo bost ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek hartu dute parte Eskola Agenda 2030 proiektuan. Covidaren eraginez basoetara egindako txangoak moldatu behar izan dituzte. Udalarekin atzo egindako bileran ere ezin izan ziren nahi beste ikasle joan. Hamalau ordezkari joan ziren, azkenean.