Mundua inguratzeko bidaia Lazkaon hasi dute
Lazkaon ari dira grabatzen Elkanoren eta Magallaesen 1519-1522ko lur birari buruzko film seriea. Barruko eszenak dira, eta Infantaduko jauregian eta lorategian gaur bukatuko dute hiru eguneko ekoizpena.
Sevillatik ez baizik Lazkaotik abiatuko dute Juan Sebastian Elkanok eta Fernando Magallaesek mundu bira berria. Sin limites (Mugarik gabe) filmaren grabaketekin ari dira egunotan Infantaduko jauregian. Lurrari bira osoa emango zion lehen bidaia telebistarako serie batean irudikatuko dute.
Baliabide handiko ekoizpena da, Amazon Prime Videok eta RTVEk egina. Lehengo astean hasi ziren grabatzen, Euskal Herrian. Erriberrin, Azkoitian, Iruñean, Azkorriko hondartzan eta Lazkaon aritu ondoren, Dominikar Errepublikara joango dira, itsasoko eszenak Pinewood estudioetan grabatzeko.
Lazkaon, beste behin Infantaduko jauregia hartu dute girotze-gunetzat. Astelehenean hasi ziren, eta gaur dira bukatzekoak. Hogei bat kamioi eta furgoneta Elosegi kalean jarrita, estudio erraldoi bihurtu dute ingurua. Jauregi barruan eta hango lorategi pribatuetan dabiltza aktoreak eta teknikari andana, kaletik gordean.
Ekoizpen erraldoia
Handia da filmaren ingurukoa oro. 25 milioi euroko aurrekontua du, eta 1519ko itsas bidaia luzea antzezteko, Victoria eta Trinidad itsasontzien berdinak eraiki dituzte, eta Nao Victoriaren erreplika ere erabiliko dute. Magallaesi bizia Rodrigo Santoro aktoreak emango dio, eta Elkanori Alvaro Mortek (La casa de papel-ekoa). Simon West ingelesa da zuzendaria, akzioko film arrakastatsu askoren gidaria, Con Air, Lara Croft: Tomb Raider, The general’s daughter (Jeneralaren alaba) edota The Expendables 2 (Mertzenarioak 2) kasu. Gidoilaria Patxi Amezkua da, Desaparecidos, La sombra de la ley edo El Aviso idatzia.
Aktore taldean dira Barbara Goenaga, Sergio Peris-Mencheta, Adrian Lastra, Carlos Cuevas, Pepon Nieto, Raul Tejon, Gonçalo Diniz eta Manuel Moron ere.
Bidaia «epikoaren» filma
Sin limites serieak 60na minutuko lau atal izango ditu. Lau ordu horietan, Magallaesek hasi eta Elkanok burutu zuten lurbiraren bidaia «epikoa» kontatuko dute, telebistarako. Bosgarren mendeurrenari begira ekoitziko dute, 2022an beteko baitira espedizioa bukatu zuteneko 500 urte; bost ontzirekin eta 239 marinelekin abiatu, eta barku bakarrarekin eta 18 gizonekin iritsi zen Elkano. Filmaren proiektua iaz aurkeztu zuten, Espainiako Armadaren Koartel Nagusian.
Lazkaoko jauregian iazko uztailean El internado: Las Cumbres filma ere grabatu zuten.