Pio Berasategiren 'Beste zenbait istorio' liburua aurkeztuko dute bihar
Zegamako Olaberriko parkean izango da aurkezpena, Berasategiren jaiotetxearen parean, 19:00etan. Parte hartu nahi dutenek udaletxean eman behar dute izena aurrez
Bihar, maiatzak 6, Pio Berasategi idazle zegamarraren Beste zenbait istorio liburua aurkeztuko dute idazlearen jaioterrian, Zegaman. 19:00etan izango da, Olaberriko parkean, Berasategiren jaiotetxea izan zenaren aurrean. Euria egiten badu, eskolako patioan egingo dute aurkezpena. Parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute aldez aurretik udaletxean.
Matiazaleak egitasmoaren, Zegamako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Goteo Fundazioaren eta herriko hainbat enpresa, elkarte zein herritarren laguntzarekin argitaratu dute liburua, Meta! crowdfunding programaren bidez. 2019an programaren diru laguntza eskatu zuen Berasategik bere ipuinak argitaratzeko, eta eragile desberdinen ekarpenenen ondoren, bihar izango da aurkezpena herrikideen aurrean.
Euskara zalea Madrilen
1935. urteko urtarrilaren 4an jaio zen Berasategi Zegamako Atxatxe baserrian. 14 urte arte eskolan ibili zen, eta 17 urte zituela Madrilera abiatu zen Arte Ederrak ikastera. Bertan zituen izeba-osaba batzuen etxean bizi izan zen. 50 urte eman zituen Madrilen, eta jubilatu aurretik Zegamara itzuli zen. 85 urterekin hil zen, 2020ko otsailean, Donostian. Hainbat eleberri eta ipuin argitaratu zituen. Hordago argitaletxearekin bi liburu: Herbesteratua! eta Hiltamuzko lantuak 1982an. Eta Elkar argitaletxearekin hiru: Hamabost istorio Aizkorpeko 1984an, Zaharrak berri 1985ean eta Samur eta gordin 1987an.
Madrilen bizi arren, ez zuen ama hizkuntza ahaztu, eta euskaraz ere idatzi zuen Berasategik. Haren kontakizunak eta ipuinak landa eremuan kokatuta egoten ziren. Zegamako jaiotetxean aitonari entzundako istorioetan oinarritutako lanak ere argitaratu zituen.
Ipuin bilduma
Hain zuzen ere, bihar aurkeztuko duten Beste zenbait istorio liburuak Zegaman kokatutako kontakizun eta ipuin motzak biltzen ditu, bera gazte zela herrian hitz egiten zen euskaraz idatziak. 22 istorio dira, tartean Arkume zoriontsua, Mixifus katua, Bakarra edo Lagun, zakurra ipuinak, eta horiek ontzen ibili zen Berasategi zendu aurretik. Bihar, ondo bidean Olaberri parkean, Berasategik hainbat eragileren eta herritarren laguntzaz egindako lanaren emaitza plazaratuko dute.
‘Ombuaren itzala’, gaur
Bestalde, gaur, 19:00etan, Ombuaren itzala proiektua aurkeztuko du Patxi Bisquert aktoreak Zegamako udaletxean. Pello Mari Otaño bertsolariaren inguruko filma egitea da proiektuaren helburua, herritarren parte hartze eta ekarpenekin.