Xabier Zabaleta: "Ohorea eta bultzada bat da gaur Idiazabal gazta berria moztea"
Jakitea elkarteko kideen izenean Donostiako Aratz erretegiko Xabier Zabaletak moztu du Idiazabal gazta berria, Ordiziako Oiangu parkean egin den ekitaldian. Erregulartasun sariak eta omenaldia ere egin dute.
Jakitea Elkarteko Xabier Zabaletak moztu du Idiazabal gazta berria. Gaur goizean izan da, eta Oiangun egin dute ekitaldia. Hantxe egiten duten bigarren urtea da. Bigarren urtez jarraian, COVID-19 testuinguruan eta azoka berezirik gabe.
Eszenatoki, data eta testuinguru desberdinean, baina ekitaldi ofizialaren nondik norakoak, betikoaren kutsua izan du. Erakunde desberdinetako ordezkariak izan dira bertan.
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek ongietorria eman ostean, Ordiziako alkate Adur Ezenarrok hartu du hitza. Ekitaldian parte hartu duten gonbidatuei zuzendu zaizkio lehenik. Jose Mari Ustarrozi, “Idiazabal Gaztaren alde hainbeste urtez egindako lanagatik”, zein erregulartasun sariak jaso dituztenei , baita gazta ebakitzeko ardura izan duten Jakiteako kideei ere: “Eskerrik asko, gure sukaldaritzatik beti Idiazabal Gaztarekiko apustua egiteagatik, eta egoera zail eta iluk hauetan ostalaritzan aurrera egiten jarraitzeagatik”.
Azoka ere hizpide izan du Ezenarrok: “Ordizia ezin da gure azokarik gabe ulertu, garena zor diogu. Eta gure azoka ere, ziurrenik, ezingo genuke ulertu Idiazabal gaztarik gabe. produktu izarra izan da mendeetan, eta gaur egun, oraindik horrela jarraitzen du. asteazkenero, gazta erosteko sortzen diren ilarak ikustea besterik ez dago. Behinola gurean sagardoa izan zenaren oroimena ere ia galdua dugun honetan, gaztak eusten dio. Idiazbal gaztak eusten dio asteazkeneko lehia gogorrari, eta izugarri pozten gaitu gaur saria jasoko duen gaztagilea asteazkenero gaur plazan izateko ohorea dugulako”.
Idiazabal gazta “gure DNAren zati bat da”, aldarrikatu du: “Euskaldunon nortasunaren zati handi bat zor diogu”. “Inoiz baino beharrezkoagoa da geureari eustea, geure altxorra den artzainen gazta erostea”, amaitu du.
Jarraian Arantxa Tapia Ekonomiaren, Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak hartu du hitza. Bi mezu helarazi ditu Tapiak: “Latxa esnearen garrantzia; honek ematen digulako gaur ospatzera etorri garena. Baina latxa esneak ematen die baita ere gure artzainei, nolabait aurrera egiteko eta beraien baserriak eta negozioak aurrera egiteko aukera. Eta hain zuzen ere, hortan oinarritzen da, munduan zehar ezaguna den Idiazabal Gazta”. Gehitu du, “artzainek eta ardiek laguntzen digute ez bakarrik beraien negozioak aurrera egiten, baizik eta herriari egiten diote ekarpena, gure mendiak, gure larreak zaintzen laguntzen digutelako, eta bioaniztasunari ere egiten diotelako mesede”.
Daniel Solana Basquetourreko zuzendari nagusiak ere esan ditu hitz batzuk. “Idiazabal gazta, oso garrantzitsua da Basquetourrentzako eta turismoaren garapenarentzat; urtero egiten ditugun inkestetan, Euskadira datorren turismoaren parte handi bat gastronomiak erakarrita etortzen da, eta gastronomiaren barruan, dizdira egiten duen produktua da Idiazabal gazta”. Solanak gehitu du, “gazta baino gehiago dela, tradizioa da”.
Xabier Arruti Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak, betiko diskurtsoak alde batera utzi eta bertso parea bota du. Artzainei zuzendutakoa bata, “artzain izateagatik jasan behar” izan dutenari erreferentzia eginez, eta “agur sentikor” bat bidali die. Bestea, Jose Mari Ustarrozi zuzendua, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deituragatik egindako lan guztia eskertuz.
Ekitaldi honetan ohikoa den moduan, 2020 urteko kanpainako datuak eman ditu Miriam Molina Idiazabal Gazta Jatorrizko gerenteak. Azkeneko urtea “larria, zalantzaz betea, izan bada ere, bide zuzena” hartu dutela nabarmendu du. Ekoizpen datuak “normalak” izan direla adierazi du, “%3 behera egin du”. Gaztagileek egindako “esfortzua zoragarria” izan dela ere esan du.
Jarraian, erregulartasun sariak eman dituzte. Artisau gazta egile kategorian, Ander Barandiaran (Gaztainaditxulo gaztandegia, Idiazabal) izan da saritua. Gaztandegi saritua berriz, Abel Goiburu (Goiburu gaztandegia, Idiazabal) izan da.
Sariak banatuta, omenaldia egin diote Jose Mari Ustarrozi, Idiazabal Gaztaren alde hainbeste urtez egindako lanagatik. Ustarroz, Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakaritzan 17 urtetan egon da.
Ondoren, Idiazabal gazta berriaren mozketa egin dute. Jakitea elkarteko kideek izan dute ohore hori. Elkartearen izenean, Donostiako Aratz erretegiko Xabier Zabaletak moztu du gazta berria. Jakitea, betiko euskal sukaldaritza indartu eta sustatzeko helburuarekin sortu zuten, zenbait sukaldarik eta gastronomia kritikok. Oinarrian, “kalitatezko produktuak eta 0 km-ko produktuak” dituzte. Gazta moztearekin batera, Zabaletak “eskerrak” eman ditu elkartekide guztien partetik. Ostalaritza sektorea bizitzen ari den “momentu zail honetan” gazta ebakitzea “ohore bat eta bultzada bat” dela esan du.