«Bi kontakizun dira, erabat ezberdinak. Baina lotura bat dute»
Mintegik (Ataun, 1949) 'Bi abentura eta amodio bat' eleberria argitaratu berri du. XVIII. mendeko Euskal Herritik Ternuarainoko bidaia bat da, abenturaz eta maitasunez josia.
Migel Angel Mintegi Larrazaren hamalaugarren lana da Bi abentura eta amodio bat eleberria. Pedro da protagonista. Lapurreta eta bahiketa baten ondorioz bidelapur batzuen atzetik abiatuko da. Ternuaraino iritsiko da, oroitzapenei tiraka.
Ipuinak bi atal ditu, nabarmen.
Bi kontakizun dira, erabat ezberdinak. Baina lotura bat dute: protagonista eta bere kutuna.
Ez da lehen aldia bidelapurrez, bahiketa batez eta amodioaz idazten duzula.
Bide lapurrak, matxinoak eta kutun estimatuaren moldaketa bat da. Hango narrazioa bigarren zatirik gabe gelditu zen. Asmoa zen Ternuako zatia segidan ateratzea, baina ez zen posible izan. Orduan, irakurleek istorioak nola jarraitzen zuen galdetzen zidaten, ea zer gertatzen zen. Iaz, behin Bide lapurrak, matxinoak eta kutun estimatua katalogotik kenduta, bigarren zatia eranstea erabaki nuen. Hortik dator Bi amodio eta abentura bat.
Errepikatzen den zati hori, ordea, ez da berdin-berdina.
Lehen zatia apur bat moldatu dut. Hobetu egin dut. Bigarren zatia guztiz berria da.
Ipuinaren lehen zatian emakumeen presentzia txikia da.
XVIII. mendean emakumeen presentzia bigarren plano batean zegoen. Garai hartan hala zen, eta nahiago izan dut horrela eutsi. Bigarren zatian emakumezkoak protagonistak dira. Amodioak ez du mugarik, ez adinik, ez garairik.
Western baten itxura du.
Hortik doa. XVIII. mendeko Euskal Herriko egoera soziala oso larria zen eta horrek istiluak, lapurretak, bahiketak… eragiten zituen. Kanadan eta Ternuan ere ingelesak zeuden, euren arrazakeriarekin. Euskaldunak ere joan ziren, baina harreman hobea izan zuten, soilik arrantzara zihoazelako, ez kolonizatzera.
Garai bateko istorioak gustatzen zaizkizu?
Istorioan kontatzen den Deskargako bide lapurren bahiketaren antzeko zerbait gertatu zen. Azpeitiko istiluak ere egia dira. Baina hortik aurrerako dena asmatutakoa da.
Historiak inspiratzen zaitu?
Historia gustatzen zait. Are gehiago Euskal Herrikoa bada. Baina ez naiz gai bila aritzen. Momentuan ideia bat bururatzen zait eta hori lantzen dut. Idazteko eta irakurtzeko momentuan aldatzea gustatzen zait. Gazte literatura landu dut, bereziki, eta oso gai desberdinak landu ditut: gazteen problematika, matxismoa eta tratu txarrak, kontzertu bati buruzkoak… Txantxangorriak bezala, adarrez adar ibiltzen naiz.
Zerk inspiratzen zaitu, bada?
Batzuetan gai bat irakurri edo entzuten duzu eta argitxo bat pizten da. Lehen ideia horretatik eskema bat egiten dut. Batzuetan eskema bere horretan geratzen da, baina besteetan garatzen joaten da, liburu bilakatu arte.
Gazteei bideratutako ipuina da?
Idazten ari nintzenean gazteak nituen buruan, baina helduentzako ere aproposa da. Abenturak gustatzen zaizkionarentzat da, edozein adinekoa izanda ere.
Gazteen artean badago irakurtzeko ohiturarik?
Helduok ikusita nola nahi dugu gazteek irakurtzea? Nik gogoan dut, txikitan, nire lagunen artean, bi edo hiru izango ginela irakurtzen genuenak. Hori bai, gustura irakurtzen genuen. Gainerako guztiek, kirola. Gainera, orain, geroz eta tentazio gehiago dago. Baina batzuek irakurtzen dutela ikusten dut. Lehen baino gehiago ala gutxiago? Hori ez dakit. Antzeko.
Eskoletan ere ez da gehiegi bultzatzen irakurzaletasuna. Bai, esaten da irakurri hau. Baina, kito. Ez da lantzen.
Gazteentzako liburu batek zein ezaugarri behar ditu?
Liburuari karga gehiegirik ez zaio jarri behar; gaiak ere badu eragina: helduen arazoak ez zaizkie interesatzen. Beraien arazoak jorratu behar dira. Edo, abenturak. Eta saiatzen naiz atal batetik bestera zerbait airean uzten, jarraitzeko gogoa izan dezaten.
Esperientzia handiko idazlea zara. Hamalaugarren lana duzu.
Literatura, ofizio baino, afizio izan da. Gazteei idaztea asko gustatzen zait, eta erlaxatu egiten nau.Nire lanek arrakasta izan dute eta aurrera jarraitu ahal izan dut.
Hamabosgarrenik izango da?
Esku artean beste proiektu bat badut. Erein argitaletxearekin beste lan bat argitaratuko dut, udazkenean. Eginda dago, baina azken ukituak falta zaizkio.
Hau helduentzako izango da. Gai sakonagoa izango da, Euskal Herrian izan dugun arazoaren inguruan. Erregistro aldaketa idazleontzako erronka polita da, pertsonaiaren roletik idatzi behar dugulako.