Ataunen abiatu eta Tallinnen jauzi
Agur ekitaldi goxoa egin diote lagunek Nora Tobar atleta ataundarrari Ergoeneko plazan, Europako 23 urtez azpiko txapelketara abiatu bezperan. Bihar lehiatuko da, gorako jauzian.
Ezer pasako ez balitz bezala inguratu zen astelehen iluntzean Nora Tobar Agirre Ergoeneko plazara (Ataun), etxetik oinez. Baina plaza bete lagun eta herritar zeuzkan han zain, pankartekin eta animo-paperekin. Europako 23 urtez azpikoen Atletismo Txapelketan parte hartuko du Tobarrek, berriki maila absolutuan Espainiako txapela lortu duen gorako jauzian.
Bi lagunek testu bana irakurri diote, orain arteko lorpenak aitortuz, etorkizunekoen desioa azalduz, eta, oroz gain, lagunarteko izaera txalotuz. Beste bi lagunek Agurra dantzatu diote jarraian, eta beste hiruk bertso bana bota diote. Banan-banan eskertu die Tobarrek, eta argazkiak atera ditu. «Horrela joan daiteke!», jaulki du, eman dioten lore sortaren atzetik.
Lagunek, kuadrillakoek eta Ataungo gazteek antolatu zioten agur ekitaldia. Tallinnen (Estonia) jokatuko da Europako promesa txapelketa, bihartik igandera bitartean.
Lehiaketa, bihar goizean
Espainiako txapelketa irabazteaz gain berez laugarren titulua du, absolutuan lehena izan arren, hango markak Europako gazteen lehiaketara joateko txartela eman dio Tobarri. Ekainaren 18an bete zituen 21 urte Txindoki Jaso Autowag Atletismo Taldeko jauzilariak. 1,80 metro gainditzeak eman zion titulua, eta 1,84k Europarako txartela.
Europako Txapelketa inauguratu eta berehala sartuko da lehian Nora Tobar. Bihar 10:20an da gorako jauziko emakumeen sailkatze fasea, Tallinn hiriko Kadrioru Staadionen. Final handia larunbatean da, 18:45ean. Agur ekitaldian izan zen Txindoki taldean entrenatzaile duen Odei Lopez ere.
Espainiako selekzioarekin joan da, 67 atletako ekipoan. Maila absolutuko lau txapeldunetako bat da ataundarra, 23 urtepekoen multzo horretan. Bidaia atzo egin zuten Estoniara.
«Notizi berri batek piztu du dardara. Nora, zeure horretan onena zara. Ataun herri txikitik salto Europara. Guztion barrenean sortuaz zirrara; jaso zazu hara, behar den erara, geure besarkada, besterik ez bada. Urrea jantzita ikusiko gara», bota zion bertsolari batek alea.
Abantara dagoeneko hartu du, Ergoeneko plazan, lagunek emandako hauspoarekin.