Babes ofizialeko 23 etxebizitza eraikiko dituzte Errekarte eremuan
Urbialde plazako lanak amaitzeko kreditu aldaketa onartu dute. Elkarteentzako diru laguntzak aurrera atera dira. Ttakun arduratuko da gazteen artean euskara sustatzeaz
Babes ofizialeko 23 etxebizitza eraikiko dituzte Errekarte kalean. Hamabi etxebizitza tasatu izango dira eta zortzi, libre. Etxebizitza bat ezinduentzat egokitua izango da. Guztiek garajea eta trastelekua izango dituzte. Goierrisukia SL enpresa arduratuko da lanez. Bera bakarrik aurkeztu zen lizitaziora eta aurkeztu zuen proposamen ekonomikoa 733.500 eurokoa izan zen.
Udalbatzan Urbialde plazan egindako obrak ordaintzeko 280.000 euroko kreditu aldaketa ere onartu zuten. Inpermeabilizazio lanek ez zuten esperotako emaitza eman eta berriz egin behar izan dira. Soilik EAJk bozkatu zuen alde. PSE-EEko bi zinegotziak aurka azaldu ziren: «Ulertzen dugu egindako lanak ordaindu egin behar direla. Baina norena da ardura? Enpresarena? Administrazioarena? Azkenean, herritarrek amaitu dute ordaintzen», kexatu zen Eva Alvarez sozialisten bozeramailea; EH Bildu abstenitu egin zen. Abertzaleek azaldu zuten lanak ordaindu egin behar direla, baina «kudeaketa desastrosoa salbatzeko maniobra» dela salatu zuen Hasier Agirre zinegotziak. «Gauzak ez dira ongi egin». Leire Artola alkateak erantzun zien lan «konplexua» zela, baina «badela garaia 2015ean hasitako obrak amaitzeko». «Ea irailetik aurrera beste Urbialde bat dugun, garajeetan urik sartzen ez dena».
457.150 euroko kreditu aldaketa ere onartu zuten: 19.000 euro ongizateko udal tasen laguntzetara bideratuko dira eta gainerakoa inbertsioetara bideratuko dira. EH Bilduk hala eskatuta, bi zatitan bozkatu zuten. Ongizateko udal tasen laguntza handitzea aho batez onartu zuten, baina inbertsioetarako dirua partida handitzearen alde soilik EAJ azaldu zen. PSE-EEk aurka bozkatu zuen. EH Bildu abstenitu egin zen.
Beasainen diharduten elkarteentzako 18.124 euroko diru laguntzak ere onartu zituzten. EH Bildu abstenitu egin zen. Kopuruak «nahiko exkaxak» direla salatu zuen Nerea Manzisidor bozeramaileak. Artolak erantzun zion kopuruak iazko eskarien arabera kalkulatzen direla. Ez zuen baztertu datorren urterako kopuruak handitzea. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten.
Udalaren jabetzako eraikinen garbiketa zerbitzua eta Covidaren eraginez desinfekzio lanak egiteko kontratazio deialdia ere onartu zuten. PSE-EE abstenitu egin zen, bereizketarekin ez daudelako ados. EAJ eta EH Bildu alde agertu ziren.
Gainerakoan, ados
Udalbatzako gainerako puntuetan ados jarri ziren. Esaterako, udal euskaltegiko 2021-2022 ikasturterako tarifak onartu zituzten. Halaber, Ttakun enpresari esleitu zioten haurren artean euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko ardura.
Udalak Igartzako Errota Iparraldeko Santiago Bidearen fundazioari lagako dio beste hamar urtez. Orain arteko erabilera «arrakastatsua» izan dela azpimarratu zuen Artolak.
Lorategiak zaintzeko ardura esleitzeko pleguak ere onartu zituzten. Gizarte-ekimenezko enplegu-zentro berezientzat eta araututako laneratze enpresentzat daude erreserbatuta.
Plazapeko ustiapenerako lizitazioa berriz ateratzea adostu zuten. Enpresa bakarra aurkeztu zen aurrekoan eta ez zituen baldintzak betetzen. Ondorioz, ustiapena hutsik gelditu zen.
Amiantoaren eskulturarentzako leku bila
EH Bilduk galdera eta eskaeren tartea baliatu zuen Amiantoarenei eskulturaren inguruan galdetzeko. Oria ibaiaren ibilguan egingo diren obren harira, eskultura lekuz aldatuko dute eta CAFeko Langile Batzordeak «lehentasunezko lekuan» jartzeko eskatu zuten. Leire Artola alkateak zehaztu zuen hilaren 12an bilera egingo dutela hainbat arduradunek. Udaleko ordezkariez gain, Asviameko kideak, Patxi Epelde egilearen senitartekoak eta CAFeko Langile Batzordeko ordezkariak egongo dira bertan.