Bi herri, hiru egun eta bost proposamen
Goierriko Jazzaldia bueltan da, zortzigarren edizioarekin. Ordizian eta Araman egingo dituzte kontzertuak asteburuan. Gonbidapenak aldez aurretik eskatzea beharrezkoa da
Iazko etenaren ondoren, bueltan da Goierriko Jazz jaialdia. Hiru eguneko jaialdian ostiraletik igandera bost proposamen ekarriko ditu, Arama Jazz Elkarteak antolatuta. Zortzigarren ekitaldia izango den honetan, jazz doinu garbienak eta beste estilo batzuen zertzeladekin bustitako jazz-a ere izango da. COVID-19 testuinguruak Goierriko Jazzaldiaren prestaketan lan gehigarria suposatu badu ere, antolakuntza «pozik» agertu da, berriro ere bueltan delako. Aurrekoen aldean «desberdina» izango da. Jada denontzat ezagunak diren neurriak bete beharko dira. Aforoan muga egongo da, publikoa eserita egongo da eta kontzertuak egingo diren espazioak, aire zabalean izanda ere, hesituta egingo dira.
Egitarauari dagokionez, iazkorako programatu zituzten taldeek joko dute. Talde horiek aurtengorako erreserbatu izanagatik, esker ona adierazi du antolakuntza taldeak. Horri gehitu behar zaio, azken orduan mamitu den proposamen interesgarri bat ere ekarriko duela aurtengoak. Lehenengo aldiz abesbatza batek kantatuko baitu jazz jaialdi honetan.
Bost kontzertu
Etzi, ostirala, Ordiziako Plaza Nagusian emango diote hasiera jaialdiari. Bertan, bi kontzertu, eta lehen momentutik, oso indartsu hasiko da. No More Jazz 2018ko urrian sortu zen, Musikeneko 11 ikasleren eskutik. Taldearen musika Hot 8 Brass Band, Rebirth Brass Band edo Broken Brothers Brass Band estilora gerturatzen da, berezkotasuna mantenduz. Musika-koktel bat eskainiko dute; tradizio amerikarreko gaiak eta euskal kanta herrikoiak batuz.
Ostiraleko bigarrena ere, indartsua: Maria Yfeu, sevillarra, zalantzarik gabe, Espainiako eta Europako zirkuitu independentearen ahotsik interesgarrienetako bat da. Jazza, MPBa, tropikalia, autore-musika, pop-a, rock-a, punk-a, post punk-a, new wave-a… eta, bereziki, mugimendu kontrakulturaletatik eta fusio-mugimenduetatik letorkeen edozein soinutan murgiltzen da. Bere lehen diskoa aurkeztuko du, Goierriko Jazzaldian.
Larunbatean, Aramako parkea izango da agertokia. Egun horretarako ere, bi kontzertu. Alberto Arteta saxofoi-jotzaileak, bere proiektu berria aurkeztuko du; Laurok. Espainiar estatuko jazz-musikaririk ezagunenetako bat da Arteta nafarra.
Ondoren, Valmuz. Talde honek ikuspegi kaleidoskopikoa du, eta jazz-a eteteko gai da genero desberdinak lotzeko. Proiektu honek ikus-entzuleak jazza itxuraz antagonikoak diren sonoritate askoren bidez esperimentatzera eramango ditu.
Igandean, Oroith abesbatzaren etaAldapeko Basque Latin Jazz-en txanda izango da. Azken aldian, abesbatzak pop-a edo jazz-a bezalako eremu berriak esperimentatzen ari da, eta Aldapeko Basque Latin Jazz-eko hainbat kiderekin elkarlanean, kontzertu benetan interesgarria eskainiko dute, akustika bikaina duen Ordiziako Elizan.
Erreserbak
Aurten, aforo mugak direla eta gonbidapenak erreserbatu behar dira, 676 202 096 telefono zenbakira WhatsApp mezua bidalita, gonbidapenak zein kontzertutarako diren, gonbidapen kopurua eta eskatzailearen eta kontzertura joango direnen izena eta bi abizen zehaztuz. Gonbidapenak eskuratu, eta kontzertura joaterik ez dutenen kasuan, antolakuntzari jakinaraz- tea eskatu dute.
EGITARAUA
UZTAILAK 9, OSTIRALA
19:00. No more jazz brass band, Ordiziako Plaza Nagusian
22:00. Maria Yfeu, Ordiziako Plaza Nagusian.UZTAILAK 10, LARUNBATA
18:30. Alberto Arteta-Laurok, Aramako parkean.
20:30. Valduz, Aramako parkean.UZTAILAK 11, IGANDEA
19:00. Oroith abesbatza eta Aldapeko Basque Latin Jazz, Ordiziako Elizan.