Udako ekintzak antolatu dituzte Igartubeitin eta Zumalakarregin
Bisita tematikoak eta hitzaldiak prestatu dituzte museoek. Egun berean bi museoak ikusi eta sagardo eta gazta dastatzeko aukera ere izango dute herritarrek
Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak eta Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak udan eskaintzeko jarduerak prestatu dituzte. Bakoitzak bere ekintzak egingo ditu ohi bezala, baina bisita bateratu bat egiteko aukera ere izango dute herritarrek, bi museoak uztartuta. Ekintza guztietarako aldez aurretik izena eman behar dute interesa dutenek, museora deituta edo idatzita.
Batetik, Igartubeiti Baserri Museoak baserriaren ingurunea eta arkitektura ezagutzeko programa osatu du, uztailetik aurrera egin ahal izateko bi bisita tematikorekin. Landareen sekretuak bisitan, inguruko jangarriak diren landareak bildu, haien propietateak ezagutu eta dastatuko dituzte bisitariek. 11:30etik 12:30era izango da, gehienez 20 laguneko taldetan. Igartubeiti baserriaren erraiak bisitan, berriz, baserriaren arkitektura eta zaharberritzea ezagutuko dute. 12:30etik 13:30era eta gehienez 10 laguneko taldetan izango da. Nork bere kabuz ere bisitatu dezake baserri museoa, QRa erabilita edo bisita komentatuekin.
Mikel Alberdiren liburua
Bestetik, hiru jarduera antolatu ditu Zumalakarregi Museoak uztailerako. Bihar, uztailak 8, Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876) liburua aurkeztuko dute 19:00etan. Mikel Alberdi museoko komisarioaren liburua da, Irungo Udalak XV. Serapio Mugika beka deialdiaren emaitza, alegia. Xabier Kerexeta historialariak eta etnografoak aurkeztuko du, eta Alberdik berak ikerketaren xehetasunak emango ditu ondoren.
Uztailaren 15ean, Urgulen magalean. Donostiako estanpak aldi baterako erakusketaren barruan, Irati Otamendi doktore arkitekoak Ormaiztegi bide herri hitzaldia emango du, 19:00etan, eta uztailaren 22an, ordu berean, Xabier Irujo Nebadako Unibertsitateko Euskal Ikerketen zuzendariak Papers relating to Lord Eliot’s mission to Spain in the spring of 1835 liburua aurkeztuko du.
Bisita bateratua
Plan bateratu bat ere prestatu dute museoek elkarlanean. Bi museoetan bisita gidatuak egin ondoren, Idiazabal Gazta, Goierriko sagardoa edo zukua dastatzeko aukera izango da.