Udaletxe bat likidazioan
Udaletxe aldaketa aurki egingo dute Zaldibian. Eraikin zaharreko altzariak enkantean atera ditu udalak, eta Beti-Gazte elkartea aldatu dute lekuz. Abuztuan botako dute
Zaldibiako udaletxea historiako azken uneetan da. Lau bat aste bakarrik geratzen zaizkio zutik, eta barrutik ere hasiak dira edukiz eta zerbitzuz husten. Udaletxe aldaketa ere aurki dira egitekoak, bihar edo etzi gehienera, telekomunikazio azpiegiturak jarritakoan. Gaur eguerdian zehaztuko dute noiz aldatuko den.
Altzariak enkantera atera ditu udalak, «herriaren jabetzakoak herrian gera daitezen». Zaldibian erroldatutakoek edo udaletxean lan egiten dutenek izango dute lehentasuna eskaintzak egiteko. Denera 15 lote edo sortatan batu dituzte udaletxe zaharreko altzariak: mahaiak, aulkiak, apalategiak, bulegoko idazmahaiak, armairuak…
Bitxikeria modura, batzar mahai zabala, lau banku luzerekin eta zinegotzien bederatzi aulkiekin daude lote batean. Beste batean, Beti-Gazte jubilatu elkarteko tabernako barra, baita hango tabernako mahai-aulkiak ere.
Enkanterako gutxieneko prezio bat ezarri die loteei udalak, eta gora hobetu beharko dute interesatuek, gutunazal itxian. Altzariak bertatik bertara ikusi nahi dituztenek, uztailaren 14ra arte daukate aukera, atzodanik. Eskaintza ekonomikoak udaletxean erregistratu behar dituzte, uztailaren 6tik 15era. Gutunak hilaren 16an 10:00etan zabalduko dituzte, eta enkantean lortutako altzariak udaletxetik ateratzeko tartea 17tik 25era da.
Ondare edo historia balioa duten elementu batzuk gorde egingo ditu udalak, bestetik. Alkatetzako mahaia eta aulkia, kasu; udaletxe berrira eramango dituzte horiek.
Beti-Gazte, Joxepanen
Osagaiak bakarrik ez, oraintsu arte udaletxeko eraikinean egon den Beti-Gazte jubilatu elkartea ere jada atera dute handik. Ekainaren 27an eman zuen zerbitzua azkeneko aldiz elkartearen tabernak han, eta lehengo ostiraletik Joxepane herri ostatuaren instalazioetan zabaldu zuten.
Bien bitartean, Joxepane Herri Ostatuaren etorkizuna zehazteko barne-hausnarketa prozesuan erabaki dute hango bazkideek zer erabilera eman. Kultur elkarte modura egituratuko dute, bazkideekin. Bestetik, Joxepaneren zerbitzu publikoa ziurtatzeko, alokagai jarriko dute ostatua. Beti-Gazteko tabernaren arduradunak izango dira, hala, aro berriko lehenengo maizterrak Joxepanen. Urte bukaerara arteko tratua egin dute. Ostiralean, pintxo-pote batekin egin zioten ongietorria leku berriko esperientziari.
Mikel Luloaga jarduneko alkateak aurreratu duenez, Beti-Gazterena izan da udaletxetik mugitu behar izan den kanpo zerbitzu bakarra. Udaletxe zaharrean dauden gainerako zerbitzu publiko guztiak, eraikin berrira pasatuko dituzte, zuzenean.
Behin udaletxe berrian martxan hasitakoan, herritarrek barrutik ikus dezaten ate irekiak eta bisita gidatuak antolatuko dituzte, goizez zein arratsaldez. Beheko solairuan erabilera anitzeko gela du. Lehenengo solairuan harrera orokorra, idazkaritza, diruzaintza eta udalbatzarretarako areto nagusia kokatu dituzte; eta bigarren solairuan alkatetza, herri ordezkarien bulegoak, teknikariek bulegoak, gizarte zerbitzuak, udal artxiboa eta bake epaitegia.
Eraisketa abuztuaren 2an
Zaldibiako udaletxea botatzen abuztuaren 2an hasiko dira. Herriko Mugertza enpresak izango du lanaren ardura, orain hurrena kultur etxe zaharra udal eraikin berria dagoen orubean zegoena bota zuten berberek.
Horrekin lotua, orubea txukuntzeko eta plazarekin berdinduta uzteko lanaren esleipena lehiaketara aterata dauka Zaldibiako Udalak. Argitu du ez dela plazaren diseinu orokor berriaren obra, baizik udaletxe zaharra dagoen lur puska bien bitarterako egoki jartzeko. «Hilabete batzuetako lana» izango da hori, urri-azarora arte, azpian zenbait aktuazio egin behar baitira.
Ordura arte, 27 egun geratzen zaizkie bi udal eraikinei bata bestearen ondoan egoteko.