Ataun, nafar ardatzean berriro
Aranzadi zientzia elkarteak ondutako 'Amaiur' erakusketa Ataungo udaletxean jarri dute. Askatasunaren eta herri eskubideen alegoria da. Gaur, Juantxo Agirre hizlari
Behinola nafar erresumaren gotorleku izan zen Jentilbaratzeko gazteluaren oinean, Amaiurko azken defentsaren pasartean inspiratutako erakusketa bat erne da, Ataunen. Nafarroaren orbitan segitzen du, 700 eta 500 urte pasatuta ere, herriak. Izan ere, Aranzadi zientzia elkarteak prestatutako Amaiur. 1922-1936 Memoria Demokratikoa erakusketa estreinako erakustokitik kanpora, lehen aldiz Ataunen ikusi ahalko da.
Udan zabaldu zutenetik urrira arte Elizondoko (Nafarroa) Arizkunenea kultur-etxean egon da lehenbizikoz ikusgai. Herenegun, Ataungo udaletxeko ganbaran zabaldu zuten, eta azaroaren 27ra arte bertan ikusi ahalko da. Ordutegiak, astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan 18:30etik 20:00etara; astearteetan 18:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan 11:30etik 13:00etara dira.
Gaur, bestetik, Aranzadiko Juantxo Agirrek hitzaldi bat egingo du, erakusketan bertan, 19:00etan hasita.
Aske-nahi asko, Amaiur bat
Picassoren Gernika irudiak egiten dio ongietorria bisitariari. Erakusketan, informazio ohol eta argazki erraldoiez gain, 1922tik 1936ra bitarteko objektuak ere badaude. Errepublika garaiko txanponak edo billeteak, Euskal Estatutua hegoaldeko lau herrialdeetarako 1931n Lizarran ondu zuteneko agiriak, edo akta liburuak ere badira.
Amaiurren, gaztelar konkistari 1522an eutsi zion azkenetariko gazteluaren eta gudarien omenez 1922an eraikitako oroitarriaren eraikuntza, 1936ko gerrako Euskal Armadako Amaiur batailoia, edo askatasun eta giza eskubideen defentsan epe hartan jardundakoen biografiak dira beste osagai batzuk; Rene Cassin, Arturo Campion, Manuel Irujo, Bittori Etxeberria elizondoarra, Estepan Urkiaga Lauaxeta edo Serapio Espartza, tartean.
Oroimen historiko zikloa
Ataungo elkarteen artean urtero antolatzen duten Iragana gogora ekartzen oroimen historikoaren zikloko lehenbiziko ekimena da Amaiur erakusketa. Aurten ere Murkondo, Emakume Taldea, Haitzarri, Atauniker eta Memoria Historikoaren Lantaldea elkarteek osatu dute egitaraua.
Amaiur erakusketa azaroaren 27ra arte eduki, eta 30ean Non dago Mikel? dokumentala emango dute (19:30, Herri Antzokian), Mikel Zabaltzaren hilketaren ingurukoa. Abenduaren 14an, Alkateen Mugimenduan ibili zen Jose Luis Elkoro bergararrak hitzaldia egingo du, 1976ko mugimendu hartaz.