Legazpi eta Granollers, eskubaloiak elkartutako herriak
La Salle klubeko 80 kideko espedizioa gaur goizean joan da hara, nazioarte mailako torneoan parte hartzeko. Aurtengoa, legazpiarren partaidetzaren 15. aldia da.

Granollers ezaguna da legazpiarrentzat, batez ere eskubaloiarekin harremana badute. La Salle urtero joaten da Herrialde Katalanetako hiri horretara, nazioarte mailako torneoa jokatzera. Aurtengoa, Legazpitik doan hamabosgarren espedizioa da. Ordiziakoak ere joaten dira, urte batzuk beranduago hasita.
Gaur abiatu dira legazpiarrak, autobusean eta furgonetetan. Asteburuan gehiago joango dira. Jokalariak, entrenatzaileak eta ardunardunak batuta, 80 inguru izango dira.
Arduradunen artean, Unai Alberdi, Oskar Salinas, Ibon Altzelai, Manolo Mugerza eta Amaia Solanas daude.
Mikel Mugerzaren «errua»
Granollers Cup gaur hasi eta igandera arte jokatuko da. Legazpiarrekin eta ordiziarrekin batera, 347 talde, eta 4.200 inguru jokalari elkartuko dira, 21 herrialdetakoak. Europan egiten den eskubaloi topaketa entzutetsuenetakoa da.
Legazpi-Granollers juntadizoa 2008an hasi zen, eta pandemiako urteak kenduta, urtero egin dute San Joan egunaren bueltan. Mugerza eta Altzelai arduradun beteranoenek gogoratzen dutenez, urte hartan «Granolleres taldekoak Legazpira etorri ziren gure jokalari Mikel Mugerza fitxatzera». Jokalari nabarmena zen Mikel, Altzelaik azaldu duenez, «haur mailatik euskal selekzioarekin Espainiako txapelketan ibilitakoa», eta kadeteko bigarren mailan eraman zuten Legazpitik, profesional bihurtzeko. «Granollersekoak oso gustura joan ziren, ondo tratatu genituelako, eta fitxaketaren truke, hango torneoan Mikelen Katilu taldea parte hartzera gonbidatu zuten». Mikelen «errua» izan zen, beraz.
Katilu taldearen ondotik, beste batzuk hasi ziren joaten. Kadeteak eta jubenilak lehenengo, infantilak eta kimuak gero… «Aurten zortzi talde goaz», zehaztu du. «Juniorrak kenduta, beste maila guztietako jokalariak gaude». Espedizioa 90 lagun ingurukoa da, autobusean eta klubeko furgonetetan joandakoak sartuta bakarrik, asteburuan familiak eta lagunak ere joango direlako.
Elkarbizitza, «onena»
Granollersen ikastetxe batean hartzen dute ostatu. Hango plana izaten da «eskubaloia, eskubaloia eta eskubaloia, eta gero, eskubaloi gehiago». Izan ere, partida dezente izaten dituzte jokalariek, «goizeko 09:00etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte». Baina kirolaz harago, asteburu honetako osagai nagusia «elkarbizitza» da, «onena», bost arduradunek aho batez esan dutenez: «Txikiak zaharragoekin, zaharrenak txikienekin… denak elkarrekin egoten gara partidak bukatzen direnean, eta egundoko giroa izaten dugu. Ikastetxean bertan geratzen gara jardunaldia amaitutakoan, oso ondo pasatzen dugu han».
Herri anfitrioia ere «ikaragarria» dela diote. «Granollersen oso barneratuta dago eskubaloia, eta egundoko giroa izaten da. Inaugurazio ekitaldia ikusgarria da, desfilea egiten da kalean, herrialde bakoitza bere banderarekin; guk ikurriña eta trikitixa eramaten dugu». Gainera, partida asko gainera plazatan jokatzen dira, eta ikusle ugari elkartzen da.
Giroa aipatuta, «horixe izan da La Sallek handik ekarri duen saririk handiena», diote barrez bostek, «hamabost urtetan ez dugu trofeorik ekarri!». Hala ere, Legazpiko jokalariek utzi dute han «sinadura», batzuk aukeratuak izan direlako mailaka egiten diren selekzioetan jokatzeko, «eta lehenengo urtean, Mikelen taldearekin laurdenetara iritsi ginen, eta Kordobaren aurka galdu genuen», gogoratu dute beteranoek. Saria dira, baita ere, aurkariak, «Koreako selekzioa, Kenyako talde bat, argentinarrak, eta Espainiakoen artean, maila gorenera iritsi direnak gero», Alberdik zehaztu duenez.
Hainbeste urteetako harremanaren ondoren, legazpiarrak Granollersera joatea «klasiko bat» bihurtu da herrian.

Iazko espedizioa. LA SALLE