Jakintza biltzaile nekaezina
Joan den asteartean bete ziren 30 urte Joxe Migel Barandiaran hil zenetik; bere ekarpenak, ordea, bizirik dirau. Haurtzaroan ezagutu zuen mundua galtzear zegoela konturatu eta garaiko bizimoduaren lekukotzak bildu zituen.
Joxe Migel Barandiaran Aierbe (Ataun, 1889-1991) mende bat baino gehiago bizi izan zen. Gizartea goitik behera aldatu zen ia ehun eta bi urte horietan. Barandiaran aldaketa horien jakitun zen. Bazekien industrializazioak zein zibilizazio berriak euskaldunen ohitura eta pentsamolde tradizionalak ordezkatuko zituztela. Horregatik, beregain hartu zuen antzinako bizimoduaren azken testigantzak bildu eta gordetzearen ardura.
Euskal Herrian industrializazioa garatzen ari zela jaio zen, 1889ko Urtezahar egunean. Baserri eta elizako giroa izan zituen inguruan haurtzarotik Jon eta Jexux Aizpurua ataundarrek idatzitako biografiaren arabera. «Hori Ataungo sabioa da», esaten omen zien Barandiarani buruz Aizpuruatarren amak. Gerora, harreman estua eraikiko zuten eta 1999an idatzi zuten hari buruzko biografia.
«Orain dela ia 500 urteko mundu bat» bezala irudikatzen du Jon Aizpuruak Barandiaran jaio zen garaia. Azken Karlistaldia amaitu osteko gizartea teknologia zein pentsaera aldetik erabat antzinakoa zela ziurtatzen du. Erlijioak pisu handia omen zuen. Halere, bestelako sinesmenek ere gizartean zirauten: «Amaren ahotik jaso zituen Barandiaranek garai bateko ipuinak eta sineskeriak».
Ataungo sabioa laster ohartu zen errealitate hori desagertzear zegoela. Mitologia Vasca lanean azaldu zuen bezala, bizimodu, ideia eta ideal berriak tradizioa ordezkatzen ari ziren. Horregatik azpimarratzen zuen beharrezkoa zela ikerketa euskal tradizioaren esparru guztietara eraman eta ideiak desagertu aurretik gordetzea.
Apaiz ikasketak egin eta Europan zehar ibili ostean, euskal etnografia ikertzen hasi zen. Baina, Barandiaran zerbaitegatik ezaguna bada, bildutako ipuin, elezahar eta sinesmenengatik da. Euskal mitologiaren aitatzat dute askok, eta mitologiak arkeologiara eraman zuen. Jentilen urratsei segika hasi, eta euskal prehistoriaren ikerlari garrantzitsuenetakoa bihurtu zen. Telesforo Aranzadi eta Enrike Eguren arkeologo entzutetsuekin lankidetzan aritu zen 36ko Gerrak banandu zituen arte.
Ezustean erbestera
1936ko udan, arkeologia lanetan zebilela, irratiz entzun zuen altxamendu militarra eman eta gerra piztu zela. Inoiz ez zen politikan sartu. «Apaizek ez luketela alde batean edo bestean jarri behar uste zuen eta botoa ematera ere ez zen joaten», azaldu du Jon Aizpuruak. Hala ere, hamazazpi urte erbestean igaro behar izan zituen euskal mundua ikertzen zebilelako.
Itziarren ikertzen ari zen kobatik Ipar Euskal Herrira joan zen txalupa batean, Gasteizko apaiztegira itzultzeko bide seguruena hori izango zelakoan. «Zerbait usaintzen hasia izango zen, baina ez zuen uste ihes egin beharko zuenik», argitu du Aizpuruak. Baina, iparraldera iritsi eta gutxira, Segurtasun Zuzendaritza Nagusiak bere aurkako fitxa ireki zuen «por sus ideas judeo-masonicas y rojo separatista». Saran (Lapurdi) ezarri zuen bere bizilekua, eta bertan igarotako urteetan, Frantziako Kultura Ministeritzarentzat lan egin zuen.
Azkenean, 1953an itzuli zen Ataunera. Salamankako Unibertsitateko errektoreari esker kendu zioten Segurtasun Zuzendaritza Nazionalak irekitako fitxa. Etxera itzultzeko sekulako gogoa zeukan eta Barandiaranen hitzak gogorarazi ditu Jon Aizpuruak: «Munduan alde batera eta bestera ibiliagatik, azkenean, norbera jaiotako eta haurtzaroa pasatako lekua dela pertsonaren lekua esaten zuen». Saran bizi izan zen etxea bezalakoa eraiki zuen Perunezar jaiotetxearen ondoan. Sara Etxea deitu zion eta han bizi izan zen hil arte, Pilar ilobarekin batera.
Lanean hil arte
Erbestetik itzulita, ez zituen ikerketak alde batera utzi eta Nafarroako Unibertsitatean klaseak ematen ere hasi zen. Gainera, ikasleen artean ikerketa sustatzeko, Etniker etnologia ikerketa taldeak sortu zituen. Gaur egun, martxan diraute.
90 urterekin utzi zituen ikasgelak, baita bestelako kanpoko lanak ere. Sara Etxean, ordea, lanean eta idazten jarraitu zuen. Gustuko zuen etxeko patxada, baina azken urteetan, omenaldi jendetsu ugari jaso zituen. Jakitun zen heriotza gertu zeukala. «Hiltzen diren guztiak ni baino gazteagoak dira», esaten omen zuen. Azkenean, 1991ko abenduaren 21ean zendu zen, 102 urte bete baino hamar egun lehenago.
Pasa den asteartean bete ziren 30 urte, baina, oraindik, euskaldunen memorian dago Ataungo sabioa. Haren herrian, esaterako, Jentilen Etorrera ospatzen dute, Barandiaranek bildutako ipuinetan oinarritutako herri antzerkia. Aurten, 40 urte bete ditu, eta besteak beste, San Martin Txikiren kondaira antzeztu zuten. Barandiaranek amaren ahotik jasotako elezaharrak gizakiak garia nola eskuratu zuen kontatzen du.
San Martin Txikik basajaunei ebatsi zien gariaren sekretua. Era berean, desagerpenari lapurtu zizkion Barandiaranek aintzinako euskaldunen ohitura, hizkuntza zein sinesmenak. Gaur egun, San Martin Txikirik ez da eta Barandiaran hil zela 30 urte igaro dira, baina Basajaunen zein euskal arbasoen sekretuek bizirik diraute.