Tabuak, plazara
Maddi Ane Txoperenak 'Ez erran inori' eleberria gaur kaleratu du. Igartza Literatura Beka irabazi zuen ideia honekin. 19:00etan Beasainen egingo du aurkezpena

2020ko Igartza Literatura Beka haragitu da. Ez erran inori eleberria gaur aurkeztu du Maddi Ane Txoperena Iribarrenek, alboan Leire Artola Beasaingo alkatea, Xabier Mendiguren Elkarreko editorea eta Igor Arrondo CAFeko Giza Baliabideetako ordezkaria zituela. Arratsaldean Beasainen egingo du aurkezpena, 19:00etan, Igartzako Jauregian. Bertaratzen direnei ale bana emango zaie.
Lide da nobelako protagonista. Haurra zela sexu abusuak pairatu zituen, etxean bertan, Donapaleun, hurbilekoa zuen bizilagunaren partetik. Gertakaria memoriaren zoko batean gordeta eduki du urteetan, baina gaztaroan, Baionan bizi dela, trumilka datozkio irudiak gogora. Oroitzapenetatik askatu nahian, sexura joko du, drogara, plazerera, sorgortasunera… Baina Piztia hor da beti, eta ez du bakerik eman nahi.
Idazle hendaiarra jakitun da gai “mingarria” hautatu duela, baina isiltasunaren bidez zauriak ixtea zaila dela azaldu du. “Gaiak tabu izaten segitzen du, nahiz eta azken urteetan komunikabideetan gehiago atera den elizazko sexu abusuak direla eta. Baina ingurune hurbileko erasoen inguruan hitz egitea zailagoa da, familia zuzenean jotzen dutelako, eta familiena instituzio sakratu bat da gure gizartean”. Sufrimendutik, “batzuetan”, gauza “ederrak” atera daitezkeela azpimarratu du. “Hau da niri atera zaidana. Hemendik aitzinera zuekin partekatu nahiko nuke eta gustatuko litzaidake beste batzuei ere interesgarria eta baliagarria suertatzea”. Izan ere, literaturak norbera sufrimendutik ateratzen lagundu dezakeela esan du. Dena dela, inori leziorik ez diola eman nahi zehaztu du. “Ez dut asmorik inori leziok emateko. Ez naiz inor horretarako”.
Jarraipena
Mendigurenek esan dio “kontaketarako trebeziaz eta hizkuntza menderatzeaz gain, gaiaren gaineko ezagutza sakona eta sentiberatasun fina” erakutsi dituela. Artolak eta Arrondok zoriondu egin dute eta literaturari lotuta jarraitzeko gonbita egin diote. Txoperenak erantzun die gustatuko litzaiokeela sorkuntzatik bizi ahal izatea, baina bizimodu “prekarioa” dela. “Hala da”, aitortu dio Mendigurenek. Txoperenak osatu du “patxadaz” hartu nahi duela eta beste lan bat idazten hasi baino lehen Ez erran inorirekin gozatu nahi duela.