Ekaitz Bezunartea dirua biltzen ari da Tanzaniako proiektu baterako
Afrikara egin zuen bidaian ezagututako lagun batek txerri etxalde bat jarri nahi du martxan. Tenerifen dago orain lanean legazpiarra, eta Nepalera joateko asmoa du.
Tanzaniara egindako bidai berezi batean ezagutu zuen Jackson Frank laguntzeko, dirua biltzen ari da Ekaitz Bezunartea (Legazpi, 1996). Tenerifen dago orain lanean, eta bertarik ari da diru bilketa kanpaina bideratzen. Uyole herri inguruan Jackson Frank gazteak martxan jarri nahi duen txerri uztiategiaren eraikuntzan laguntzeko dirua izango da. Berez, kanpaina martxoaren 31n zen amaitzekoa, baina izan duen erantzun onak bultzatuta, luzatzea erabaki du.
Gizarte hezitzailea da Bezunartea, eta «oso abentureroa». Abenturarako griña horrek eraman zuen Tanzaniara joan den urteko udan, hain zuzen. Eskoriatza inguruan familia hezitzaile gisa egiten ari zen lana amaitu, eta bi-hiru hilabeteko bidaia egiteko gogoa sortu zitzaion, bide batez, boluntariotza lantzeko aukera emango ziona. Tanzania aukeratu zuen, Kilimanjaro mendira igotzeko modua izango zuela ere kontuan hartuta. «Dena elkartu zen, gustatzen zaidan zerbait egitea eta gizarteari ekarpen bat egitea; bizipen polit baten bila joan nintzen», gogoratu du legazpiarrak.
Tanzaniako elkartrukea
Iazko ekainetik irailera arteko egonaldia egin zuen, ia hiru hilabete, toki desberdinetan, eta irakasle lanarekin landu zuen boluntariotza. Hura amaitutakoan, bidaiatzeari ekin zion, Couchsurfing aplikazioa erabilita. «Jendeak bere etxean jasotzen zaitu, eta trukean zuk lagundu egiten dituzu lan batzuk egiten». Bidaiatzeko beste modu bat dela dio, jende asko ezagutzeko aukera ematen duena.
Eta hala ezagutu zuen Jackson Frank. Uyolen. Lau-bost egun egin zituen haren familiaren etxean, eta elkartruke ikaragarria izan zela du gogoan: «Hango ohiturak, janaria, hizkuntza… ezagutu nuen haien bidez». Uyoleko familiak emandakoa itzultzeko modua da diru bilketa.
Txerri uztiategi moderno bat eraiki nahi dute, inguruko jendeari lana emango diona, eta horren berri ematen duen bideo bat zabaldu du Bezunarteak Facebook-en. Bizum bidez edo kontu korronte batera transferentzia eginda lagundu daiteke. Oraindik badago horretarako aukera: 646 182 232 bizuma egiteko, eta transferentziarako ES27 0049 4982 81 2416192781.
«Bat-batekotasunetik sortutako kanpaina izan da, baina aitortu behar dut harrituta nagoela izan duen erantzun onarekin», batez ere legazpiarren aldetik. «Oso pozik nago».
Tenerife eta Nepal
Ekaitz Bezunartea Tenerifen dago orain, San Cristobal de La Laguna herrian. Duela hilabete inguru iritsi zen, eta adingabeko zentro batean gizarte hezitzaile gisa lan egiten du. 14-17 urte bitarteko gazteekin ari da, tutoretza lanak egiten.
Lan hori amaituta, India, Nepal eta Bangladesh aldera joateko gogoa du, «yoga eta meditazio ikasmenetan sakontzeko eta kultura berri bat ezagutzeko» asmoz. Han ere boluntario lanak egiteko prest dago.












