Bizitza osoa artzaintzari emana
Haurra zenetik izan ditu etxean ardiak Juan Joxe Arangurenek. Artzai Gaztako lehendakari izan zen 1987tik 1995era. Bizitza osoan baserrian aritu eta gero erretiroa hartu dute emazteak eta biek.
Ia bizitza osoa artzaintzari eta gaztagintzari eskaini eta gero, erretiroa hartzeko ordua iritsi zaie Erreizabal baserriko (Telleriarte, Legazpi) Juan Joxe Aranguren (Telleriarte, 1947) eta Arantza Segurolari (Matxinbenta, 1962). Azkeneko hamarkadetan gaztagintzak izan duen garapenaren lekuko izan dira biak ala biak. Lekuko eta eragile. Artzai Gazta elkartearen sorreran lehendakari izan zen Aranguren. Garaiko beste artzain askorekin batera, gaztagintza modernoaren oinarriak ezarri zituzten, besteak beste. Baserria Natur Eskola Biziaren parte ere izan da hasieratik, belaunaldi berriei baserriko bizimodua erakustea beharrezkoa dela sinetsita. Iazkoa izan zen beraientzat azkeneko gazta kanpaina, baina ez diote oraindik bizkarrik eman baserriko bizimoduari.
Ukuiluan ardiak gobernatzen ari da Aranguren kazetaria erreportaje hau egiteko asmoz Erreizabalera inguratu denean. Gutxira belauneko ebakuntza egin behar diotela kontatu dio, baina bueltan «ohiko erritmora» itzultzeko moduan izango dela ziurtatu du. «Ardiak aldatu ditugu» esan du. «Zegamako artzain batekin trukea egin dugu. Ardi kopuru berdina daukagu, baina hauek esne gutxiago ematen dute», zehaztu du. Izan ere, ardiekin lanean jarraitzen du Arangurenek oraindik, erretiroa hartu dutenetik beste erritmo batean bada ere.
Artzai Gaztaren sorrera
Segurolak laguntzen dio ardiak jezten, «beti elkarrekin jetzi ditugu ardiak, goizean eta gauean», kontatu du. Gainerakoan, ondo banatuta izan dituzte baserriko gainontzeko lanak. «Arantza Erreizabalera etorri zenetik [1994an ezkondu ziren] berak egin izan du beti gazta. Ni ardiez eta baserri inguruko larreez arduratu izan naiz», zehaztu du Arangurenek. Segurolak ere ez dio utzi gazta egiteari, nahiz eta orain, «etxerako eta senideen artean banatzeko», egiten duen. Oraindik iazko kanpainako zenbait gazta ere badituzte saltzeko.
Zazpi urte zituela aitari ardiak eskatzen zizkiola gogoratzen du Arangurenek. Eta hala hasi zen. Soldaduskatik itzuli eta aita hil zitzaion. Ama eta biak bakarrik geratu ziren baserrian, eta 30 bat urterekin Zumarragako eta Legazpiko azoketan, etxe partikularretan eta tabernetan ardi esnea saltzen hasi zela kontatu du. «Ardiak genetikoki hobetzen joan ziren heinean esne gehiago ematen hasi ziren, eta une batean ezinezkoa izan zitzaigun bildutako esne guztia saltzea. Orduan hasi ginen etxean gazta egiten» dio. Garai hartan, gazta nork bere modura egiten zuen, «gazta onak egiten ziren, baina gazta txar asko ere bai. Gaur gazta txarrik ez dago, beste kontu bat da bat bestea baino gehiago gustatzea», uste du Segurolak.
Ordurako Gipuzkoako Ardi Latxaren Elkartea, ELE sortuta zegoen eta Aranguren bertako kidea zen. Baina gaztagintzan sakontzeko beharretik artzain batzuk biltzen hasi ziren, eta Artzai Gazta elkartea sortzeko lehendabiziko pausoak ematen hasi ziren orain 40 bat urte. Aranguren bera elkarteko presidente izan zen 1987tik 1995era. Joxe Manuel Goikoetxea, garai hartako Lurgintzako albaitaria, Enric Canut (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1956) gaztagintzan aditua, Iparraldean apaiz lanetan zebilen Michel Lekuona eta Jose Antonio Otxandorena giltzarri izan ziren, besteak beste, bide horretan. «Gazta egiteko modu berriak irakatsi zizkiguten, hasiera batean, artzain askok begi onez ikusi ez bazuten ere», zehaztu du Arangurenek.
Egiteko moduak aldatuz
Garai hartan ez zegoen gazta egiteko arau bateraturik, eta egiten ziren jarraipen eta kontrolek ere ez zuten gaurkoaren batere antzik. Baserri bakoitzean, aurretik jaso bezala egiten zen gazta, hori zen normalena: «Gure amak hala egiten zuen behintzat, etxeko sukaldean, ekonomika gainean», kontatu du Segurolak. Arangurenek gehitu duenez, «gazta pikantea izaten zen gehienetan, gainera. Gatzagia kontrolik gabe botatzen zen eta esnea zikina egoten zen».
Artzai Gazta egituratzeko lehendabiziko urte haiek lan askokoak izan zirela dio Arangurenek. «Bilera asko egiten genituen. Araian (Araba) elkartzen ginen eta baita Eusko Jaurlaritzan ere. Ardiak goizean jetzi eta bilerara joaten ginen. Arratsaldean etxera itzuli, ardiak berriro jetzi eta gauez egiten nuen gazta. Horrelako pila bat izan genituen». Garai hartan, izan ere, dena zegoen egiteke, oinarri batzuk ezarri beharra zeuden, gauza asko eztabaidatu eta finkatu.
Orduko ahaleginak, baina, merezi izan du, bien irudiko. «Lan asko egitea tokatu zaigu, baina gaztak berak eta gaztagintzak izan duen garapena ikaragarria» izan dela ondorioztatu du Segurolak. Artzai Gaztan edo geroago sortu zen Idiazabal Jatorri Izendapenaren baitan ezarritako egiteko moduek, lan egiterako orduan «oreka bat» eman diela ziurtatu du. Egiteko moduak bateratu diren arren, gaztagile bakoitzak produktuari «bere ukitua» ematen dio, eta Segurolaren iritziz, «hor dago gure aberastasuna».
Egindako lanari aitortza
Produktua bera «asko» hobetu den bezala, latxa ardiak ere genetikoki asko hobetu direla gehitu du Arangurenek. «Artzai Gaztan hasi ginenean gure ardi bakoitzak 65 litro esne ematen zituen urteko. Azkeneko urteetan, urteko 350 litro esne ematera iritsi dira», zehaztu du harro. Esne kantitatea biderkatzearekin batera, noski, gazta ekoizpenak ere nabarmen egin du gora azken urteetan Erreizabalen.
Egindako lanaren ordainetan, sari eta errekonozimendu asko jaso dituzte urte hauetan guztietan, bai Erreizabalgo gaztak, baita bertako ardiek ere. Segurolak dio sari guztiak bereziak direla, eta noski «ilusioa» egiten dutela. Baina saririk handiena «bezeroen fideltasuna» izan dela gaineratu du: «Sariak irabazitakoan etortzen ziren, baina irabazten ez genituenean ere bai. Hori izan da saririk onena eta urte guztia hauetan ez zaigu inoiz bezerorik falta izan». Gaztagintzaren historian eta baserriko bizimodua balioan jartzeko lanean euren aletxoa jarri izanaren harrotasunez utzi dute ofizioa. Eta hori ez da gutxi.
Baserriko lanbidea balioan jartzeko bisita gidatuak
Artzaintza eta gaztagintza izan dira Arantza Segurola eta Juan Joxe Aranbururen bizibidea azken hamarkadetan. Baina, baserriko bizimodua balioan jartzeko eginahalean ere lan handia egin dute Erreizabalen. Natur Eskola Bizia proiektuaren baitan aitzindari izan zen Erreizabal bisita gidatuak eskaintzen. Artzaintzaren Ekomuseoa ere ireki zuten etxean 1996an. Milaka izan dira, urte hauetan guztietan Erreizabalera gerturatu diren bisitariak, eta guztiek eraman dute bertatik irakaspenen bat edo beste.
Bisita gidatuak horren ohikoak ez ziren garaian hasi zen Aranguren Erreizabalen haurrak hartzen eta gazta nola egiten zuen erakusten, Baserria Natur Eskola Bizia proiektuaren hastapenetan: «1992an hasi nintzen, ni bakar bakarrik», kontatu du. Garai hartan Itsasoko Hariztizabal baserria zuten Xabi Akizu eta Marilu Gardoki izan ziren, Arangurenen esanetan, proiektuaren bultzatzaile nagusiak: «Gainontzeko baserritarrok baino pentsamolde irekiagoa izan dute beti. Haurrei baserriko egitekoak eta landa inguruneko bizimodua irakatsi behar zitzaiela garbi izan zuten hasieratik».
Segurola Erreizabalera ezkondu zenean, bisita gidatuak bien artean banatu zituztela esan du. Hasiera hartan, Baserria Natur Eskola Bizia proiektuaren baitan Itsasoko Hariztizabal, Urretxuko Aikur, Gabiriako Baztarrika eta Astiazaran baserriak, Itsasoko Pott keramika eta beraiek zeudela zerrendatu du. «Guk urtean 22 bat talde hartzen genituen, esnea genuen garaian izaten zen, otsailetik uztailera bitartean», zehaztu du Segurolak.
Baina bisita gidatuak ez ziren Baserria Natur Eskola Bizia proiektura bakarrik mugatu. 1996an Artzaintzaren Ekomuseoa ireki zuten Erreizabalen: «Kanpotik zetozenei baserriko bizimodua erakusteko baliatzen genuen museoa, tresnak, lanbidea…». Eskoletako haurrak jasotzen zituzten astean zehar, eta familiak, batez ere, asteburuetan. «Inguruetako eskoletako haur asko izan dira, Gipuzkoakoak bai, baina Arabatik ere asko etorri izan zaizkigu», esan du Segurolak.
Baina Erreizabalen antolatutako bisita guztien artean Artzaitxo Egunak izan dira, zalantzarik gabe, arrakastatsuenak: «Hiru astetan zehar bakarrik egiten genuen, arkumeak jaiotzen ziren garaian, orduan bai izaten genuela jende pila!» gogoratu du pozik Arangurenek. Segurolak senarrak esandakoa zenbakitara eraman du: «60na pertsonako bina talde izaten genituen larunbatetan eta igandeetan». 240 bat bisitari asteburuko, guztira.
Baserriko gainontzeko lanekin uztartu behar izan dituzte bisitak urte askotan, «lan asko egitea tokatu zaigu», aitortu du Segurolak. Baina gustura aritu direla ere gaineratu du: «Asteburu askotan ezin izan dugu inora joaterik izan, baina horrek gazta etxean bertan saltzea ere ekarri digu. Lana bai, baina ordainetan ere asko jaso dugu», dio. Orain etxeko ateak itxi dituzte, baina egindako ahaleginak merezi izan duen sentipenarekin esan dute agur.