Foro industriala egingo dute gaur interpretazio zentroan
Merkatuaren analisia egingo dute. Iker Estensoro Sustapen Ekonomiko zuzendariak parte hartuko du. Inklusioa sustatu duten enpresak sarituko dituzte
Foro industriala egingo dute gaur Antioko interpretazio zentroan, Ziurgabetasun garaiak kudeatzen lemapean. Goierri garaiko enpresen topagune hau 15:00etatik 18:00etara izango da.
Merkatuaren egoeraren analisia egingo dute eta bere irakurketa estrategikoa errazteko gako batzuk partekatuko dituzte.
Ekitaldian Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko zuzendariak, Jon Luqui mankomunitateko eta Uggasa garapen agentziako lehendakariak, Xabier Arratibel UGLE lanbide eskolako zuzendariak eta Itziar Salaberria Uggasako zuzendariak parte hartuko dute. Beraiek izango dira, hain zuzen ere, aurkezpenaz arduratuko direnak.
Lehen mahai-inguruaren izenburua Energia eta lehengaiak: norantz doa merkatua? da. Aitor Urzelai SPRIko zuzendariak eta Iñigo Ansola EEEko zuzendariak parte hartuko dute. Moderatzaile lana Salaberriak egingo du.
16:10ean Jon Gurrutxaga aldundiko Berrikuntza zuzendariak Talentua eta digitalizazioa, eraldaketaren gakoak hitzaldia egingo du. Ondoren, Telleria enpresako Jose Luis Romerok eta Premank enpresako Enara Insaustik praktika onei buruz hitz egingo dute. Uggasako Katia Madina izango da moderatzailea.
Kafearen ondoren, 17:10ean, Gizatea elkarteko Joana Revillak enplegu inklusiboaren erronkei buruz hitz egingo du. Ondoren, BST Rods enpresako Egoitz Asurabarrenak eta Katea Legaiako Patxi Gonzalezek praktika onei buruz hitz egingo dute. Uggasako Maria Antonia Elgarresta izango da moderatzailea.
Bukatzeko, Gizlan sariak banatuko dituzte. Baztertze arriskuan zeuden pertsonei lagundu dieten hamalau enpresa sarituko dituzte.