Kultura aniztasunean euskara ardatz izan dadin bidea ireki dute Zaldibian
Jatorri ugariko komunitatean, izan eskolan ala herrian, hizkuntzaren zentraltasuna ez galtzeko lanketa egin dute. 'Hizkuntzak erraietan' dokumentalean islatu dute prozesua
Zaldibiak ere Euskal Herriko eta Goierriko bertako hainbat herrik duten arazoari heldu behar izan dio. Kanpotik bizitzera etorritako jatorri askotako koloreek bertako hizkuntza eta kultura arretu ez ditzaten, kulturartekotasuna eta euskara uztartzeko saiakera egin dute. Emaitza bat herenegun aurkeztu zuten, Herri Antzokia jendez beteta zela: Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza dokumentala.
Aloña Jauregik eta Eider Amundarainek zuzendu dute, eta eragile ugarik parte hartu dute: Lardizabal herri eskolak —handik sortu zen ekimena—, Zaldibiako Udalak, Ausa Gaztelu guraso elkarteak, Etxekonekok elkarbizitza taldeak, Uemak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZIk, Amelia Barquinen bitartez.
Kezka batetik abiatu zen ekimena, hilabetetako prozesu parte-hartzaile bilakatu dena. Euskararen arnasgune den Zaldibiako ikastetxean euskarak duen zentralitatea, kanpotik etorri diren gurasoek eta familiek nola eurenganatu. Eta, alderantziz, jatorri, hizkuntza eta kultura aniztasuna «altxorra» dela ulertu eta horretaz baliatu. Prozesuan bertan, aldi bereko itzulpen zerbitzuak erabili dituzte, une oro komunikazio hizkuntza nagusia euskara zen bitartean. Ekarpen gisa erakutsi dute baliabide hori ere, komunikazio estrategia berriekin batera.
Herriko errealitateak
Hizkuntzak erraietan ikuskaria ikusi zuten lehen aldiz herenegun, tartean dokumentalean partaide diren askok. 33 minutuko iraupena du, eta aurki Lardizabal eskolaren webgunean ikusi ahalko da, zenbait hizkuntzatan azpidatzita.
Zaldibian bertan jada errealitate diren hainbat egoera, bizipen eta testigantza jaso dituzte. Vasile Bejera errumaniar igeltseroarena, Mae kubatar saltzailearena, Wolfgang Berger alemaniarra, Kadhija el Ghaouti marokoarra, guraso andaluziarrak dituen Silvia Morales… Bakoitzaren errealitate soziolinguistikoa, euskararekiko eta beren ama hizkuntzarekiko duten lotura eta erabilera jorratu dituzte.
Esparru teorikoa eta ekimenaren testuingurua Eztitxu Mujika alkateak, Uemako Garikoitz Goikoetxeak, Lardizabaleko zuzendari Eider Amundarainek eta Amelia Barquinek eman dute. Ondorengo solasaldian parte hartu zuten haietako askok.